Oraindik konponbidea izan dezake ZF-TRW enpresaren egoerak. Hori da Langile Batzordeak dioena. 123 lagun kaleratu dituzte, azkenak abenduaren 27an, eta tartean, ugariak izan dira langileen protestak. Behin eta berriz salatu dute ez zegoela kaleratzeak egiteko arrazoi ekonomikorik.
Argi eta garbi zuten orduan, eta orain ere badute, "kudeaketa txarraren ondorioz" utzi dituela zuzendaritzak 123 lagunak kalean.
Gauzak horrela, "bestelako kudeaketa batekin" egoera birbideratu daitekeelakoan daude, eta "orain dago horretarako aukera", datozen bi edo hiru hilabeteotan indarrean dagoen behin behineko zuzendaritza kendu eta heldu den urteetan egonen dena aukeratuko baitute. Zuzendaritza berriarekin, aldaketarako aukera ikusi du langile batzordeak: behintzat berriz negoziatu dezan eskatu diote. “Bidezko konponbidea” da nahi dutena, David Markalain Langile Batzordeko kidearen hitzetan.
300 behin behineko kontratatu
Zenbakiak mintzo dira lantegiaren egoerari buruz. Egun, 83 behin behineko langile dauden arren, 22 lagun bota berri dituzte. Era berean, urte osoan, batez beste 300 behin behineko langile daude TRWn, epeka. "60 behin betiko lanposturen gisakoak dira horiek", langile batzordearen hitzetan.
Gorenaren zain
Auzitegiek ere badute zer esana ZF-TRWren auzian, izan ere, Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak ekainean adierazi zuen arren kaleratzeak bidegabeak zirela, ez zituen bertan behera utzi, eta, beraz, enpresak ez zituen berriz kontratatu behar izan kaleratutakoak. Orain, Madrilen dago gaia. Auzitegi Gorenaren esku. Hark erabaki dezake kaleratzeak baliogabetzea.
Epaia kaleratu baino lehen ere, enpresak fitxa mugitu dezakeela uste dute langileek, eta hori da egin dioten deia.