"Sekula izandako aurrekontu sozialenak" dira ostegunean onartuko dituztenak. Hala definitu dituzte Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak. Hiru egun barru bozkatuko badituzte ere, lauko gobernuko kide guztien oniritzia izanik, aurrera eginen dute. Gaur goizeko mahai eta eledunen batzarrean mintzagai nagusia izan dira.
"Gizarteari kendutakoa" itzuliko dutela deritzo Geroa Baiko parlamentari Koldo Martinezek, "politika sozialetan" sakontzen dutela eta "gobernuaren lehentasunak" markatzen dituztela.
Bide beretik, Euskal Herria Bilduko parlamentari Adolfo Araizek esan du urte osoko "legerik inportanteena" direla, eta "aberastasunaren banaketa" ahalbidetuko dutela. Haren hitzetan, "murrizketak irauli" eginen dituzte.
PSNri kritika
Halaber, bai Araizek baita Koldo Martinezek ere gaitzetsi egin dute PSNk aurrekontuekiko izandako jarrera. Biek azaldu dutenez, Nafarroako Alderdi Sozialista saiatu zen Geroa Bairekin aurrekontuetan aldaketak negoziatzen, baina Geroa Bairekin baino ez, lauko gobernuko gainontzeko alderdiak aintzat hartu gabe; alegia, EH Bilduren, Ahal Duguren eta Ezkerraren iritziari iskin eginda. Horregatik, prozeduran "leihatilaz okertu dela" ohartarazi dio Bilduko kideak PSNri; Geroa Baiko Koldo Martinez ere zorrotz mintzatu da: "Aurrekontuak parlamentuan negoziatzen dira, eta ez ditu gobernuak onartzen, baizik eta alderdiek"
Oposizioa ez dago konforme
Oposizioko taldeen, ahotan, aldiz: kritika nagusi. Gobernuari "gutxi agintzea" leporatu dio Adanero erregionalistak, eta "egonkortasunik ez izatea". Bestalde, PSNk "elkarizketarik ez dagoela" uste du.