Saats Karasatorrek irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketako kanporaketa

Euskalerria Irratia 2016ko abenduaren 19a

Argazkia: Nafarroako Bertsolari Txapelketaren kanporaketa jokatu zuten ostiralean, Katakraken. / Nafarroako Bertsozale Elkartea

Saats Karasatorrek eskuratu zuen lehen postua. Harekin batera, Joanes Illarregi, Joana Ziganda eta Sahats Aleman sailkatu dira otsailean hasiko diren Nafarroako Bertsolari Txapelketako final laurdenetako.

140 bertsozalek bete zuten ostiralean Iruñeko Katakrak aretoa Nafarroako Bertsolari Txapelketako kanporaketa saioa bertatik bertara ikusteko. Zortzi izan ziren taulara igo ziren bertsolariak -azken orduko arazo batengatik Mintxo Astizek ezin izan zuen saioan parte hartu-; denek lehen aldiz txapelketan izena emandakoak. Jokoan final laurdenetarako lau postu zituzten.

Saats Karasatorre etxarriarrak lortu zituen puntu gehien eta hortaz lehenengo postua eskuratu. Haren atzetik Joanes Illarregi leitzarra, Joana Ziganda oskoztarra eta Sahats Aleman artikarra sailkatu ziren. Honenbestez, lau bertsolari horiekin osatuko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako final laurdenak.

Saioan kantatu zuten beste lau bertsolariek, ordea, ez zuten plazarik lortu: Ander Baiano, Ainara Ieregi, Aitor Irastortza eta Luis Mari Larreta.

35 bertsolarik eman dute izena Nafarroako Bertsolari Txapelketan, eta kanporaketaren ostean 30 izango dira final-laurdenetan. Final laurdenak otsailaren 18an hasiko dira eta Nafarroako Bertsolari Txapelketa apirilaren 8an amaituko da. Nafarroako Bertsozale Elkarteak otsaila hasieran emango ditu Txapelketaren inguruko gainerako xehetasunak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!