Indarkeria matxistaren kontrako arreta unitateak Nafarroa osora zabaldu dituzte

Euskalerria Irratia 2016ko abenduaren 16a

Txantrean eta Tafallan ireki dituzte bi zentro berriak, baina inguruko herri eta auzoei emanen diete arreta; Tuteran eta Lizarran badaude jada halako zerbitzuak.

2010ean eta 2012an jarri zituzten martxan indarkeria matxistaren biktimei harrera emateko zerbitzu integralak Lizarran eta Tuteran, hurrenez hurren; beharra egon bazegoen, biolentzia matxista pairatu duten emakume askok jo baitute bertara.

Aurtengo datuak kontuan hartuta, urtarrilaren hasieratik urriaren 30era, 260 emakumek jo dute Tuterara eta Lizarrara 121. Horiek azken hamar hilabeteetako datuak baino ez dira.

Herrialde guztiari zuzendatuta

Orain, Nafarroa osora zabaldu dute zerbitzua: Tafallan  eta Txantrean ireki dituzte bi unitateak, baina inguruko herri guztietako emakumeei laguntza eskaintzea da helburua.

Txantreakoak Iruñerria guztiko herriak eta auzoak beregain hartzeaz ez ezik, Altsasu, Elizondo, Etxarri Aranatz, Irurtzun, Leitza, Lesaka eta Doneztebeko emakumeez ere arduratuko da. Tafallakoak, Artaxoa, Olite, Azkoien eta Zarrakazteluko emakumeei eskainiko die zerbitzua.

Bietan psikologoak, gizarte langileak eta hezitzaileak ariko dira lanean, errekuperazio, ahalduntze eta autonomiaren bilaketan.

Emakumeen aurkako indarkeriaren aurka "lan irmoa" egin behar dela esan du gobernu ordezkariak, belaunaldi gazteenei arreta paratu behar zaiela azpimarratzearekin bat. Bestalde, mito bat deuseztatu nahi izan du: salaketen igoerak egoteak ez du esan nahi eraso gehiago dagoenik, baizik eta gehiago salatzen dela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!