Pobrezia energetikoari aurre egiteko planaren emaitza batzuen berri eman du gaur Gobernuak. 707 familia izan dira onuradun orain arte plan horretaz, exekutiboak hartutako neurriei esker energia mozketak ekiditea lortu baitute.
Urte hasieran Gobernuak berak akordioa erdietsi zuen energia hornitzaileekin. Iberdrola, Gas Natural Fenosa eta CHC Energia dira Nafarroan hornidura eskaintzen dutenen artean etxe gehienetara iristen direnak, %90.
Akordio horien bitartez, familia bat beren energia fakturak ordaindu ezinik geratzen denean, energia hornitzaileek hornidura hori eten gabe, gizarte zerbitzuei jakinarazi egiten zaie gertatzen dena eta ezhoiko laguntza edo larrialdi laguntzak eskaintzen zaizkie. Hala, hornidura horiek ordaintzeko ziurtasuna dute bai familiek eta baita hornitzaileek ere.
Miguel Laparra gizarte gaietako lehendakariordeak nabarmendu du, pobrezia energetikoa gainditzeko edo ekiditeko hartutako neurriek ahalbidetu dutela familia askoren ongizatea. Bi laguntza izan dira horretarako akordioan erdietsi zituztenak: ezhoiko laguntzak pobrezia energetikoari zuzenean aurre egiteko, eta larrialdi laguntzak, egoera dagoeneko okertua dagoenean familiei eskaintzen zaiena. Bi horien bitartez bi milioi euro bideratu dira. Lehenengoaren bidez, 2.000 familiari eman zaie laguntza, eta bigarrenarekin beste 1.500 familairi.
Pobreziari aurre egiteko baliagarria izan den beste neurri bat edo beste aurrera pauso bat ere aipatu du presidenteordeak: ziurtatutako oinarrizko soldataren zenbatekoaren igoera bai eta herritar gehiagorengana iristeko ahalmena ere. Horren bitartez, esan du, lau pertsonek osatzen duten familia batek 140 euro gehiago jasotzen ditu hilean, eta horrek aukera ematen die hobeki iristeko gastu guztiak betetzera.
Esan bezala, pobrezia energetikoari aurre egiteko programa honen bidez 707 familiek ez dute moztu behar izan energia hornidura. 64 herritan daude hornidura horiek ordaintzeko zailtasunak dituzten familiak, gehienak hori bai, Iruñerrian kokatuak.
Laparrak energia hornitzaileekin egindako hitzarmenaren garrantziaz ohartarazi du gaur, eta uste du, bide orri egokia dela pobreziari aurre egiten hasteko.