ICF-Faurecia itxi ez dezaten epaitegietara jo dute langileek

Euskalerria Irratia 2016ko abe. 14a, 14:18

Argazkia: Faurecia enpresako langileak, fabrika itxi nahi dietela salatzen.

Demanda aurkeztu dute, izan ere, abenduaren 31rako itxi nahi du multinazionalak Burlatako instalazioa, martxoan adostutakoaren harira. Langileak ez daude konforme: "Guztiz aldatu da egoera".

ICF-Faurecia  itxi ez dezaten epaitegietara jo dute langileek, "ez baitago ekoizpen ez ekonomia arrazoirik", batzordearen hitzetan. Multinazionalak abenduaren 31n ixteko xedea du. Orain, itxiera hori atzeratzea da langileen asmoa, behintzat 2017ko ekainera arte.

Ez da hutsala data hori finkatu izana: izan badute eskaria ordura arte ekoizpenean segitzeko, eta, gainera, orain dela sei hilabetetik berrindustralizazio prozesuan dago lantegia: sei hilabete gehiago izanez gero, uste dute erosleren bat azaltzeko aukera dagoela.

Poloak ekoizten ari dira Wolskwagenen

Soka luzea dauka gaiak. Aurtengo martxoan adostu zuen batzordeak ICF-Faureciako zuzendaritzarekin instalazioa abendura arte irekita mantentzea, Wolkswagenek polo ekoizpena utzi behar zuela uste zenean.

Alemaniako erraldoiaren Iruñeko fabrikak jarraitu egin du polo ekoizpenarekin, ordea, eta bestelakoa da egoera: "guztiz", langileek diotenez.

"Bi milioi euro baino gehiagoko irabaziak dauzkate". Horra salatu dutena.

Hain zuzen ere horregatik uste du enpresa batzordeak hasieran sinatu zuten akordioaren nondik norakoak asko aldatu direla, eskaria eta eskaintza egon baitago.

Demanda, martxan

Momentuz, demanda aurkeztu dute epaitegietan, eta heldu den asteak epaileak erantzunen bat ematea da espero dutena. Bestalde, fabrika erosi lezakeen eroslearen zain ere badaude.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!