Euskarazko politikak koordinatuko dituen Euskal Herri osoko egitura bat proposatu du Bilduk

Euskalerria Irratia 2016ko abenduaren 13a

Argazkia: Dabid Anaut Nafarroako Parlamentaria eta Rebeka Ubera Eusko Jaurlaritzako parlamentaria. / @SaioaAlkaiza

Hiru administrazioez harago joatea du xede, euskarari lotutako politikak garatu eta euskaldunak "bigarren mailako herritar" izateari uzteko.

Euskarazko politikak koordinatuko dituen Euskal Herri osoko egitura bat, hiru administrazioez harago doana. Hori da Euskal Herria Bilduk mahai gainean jarri duen proposamena. Euskaldunak "bigarren mailako herritar" izateari uzteko, euskarari lotutako politikak garatzea litzateke egitura horren xedea. Euskararen "normalizaziorako urrats bateratuak" egitea, alegia.

Erakunde andana

Eta zeintzuk leudeke bertan? Nafarroako gobernua, Herri Elkargoa, Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako hiriburuen udal ordezkariak, UEMA, Eudel, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, Gipuzkoa, Araba eta Gipuzkoako aldundiak eta Udalbiltza. Horiek guztiek osatuko lukete euskararen karietarako jaioko litzatekeen erakundea."Funtsezkoa" dela esan du Dabid Anaut EH Bilduko parlamentariak.

Euskararen Legea, "oztopo"; Herri Elkargoa, aurrerapen

Testuinguruari erreparatu dio EH Bilduk: batetik, etzi eginen ditu 30 urte Nafarroako zonifikazioa ahalbidetzen duen Euskararen Foru Legeak, eskubideak zonaldearen arabera partitzen dituela ikusita, ofizialtasuna aldarrikatu, eta legea "oztopo bat" dela aldarrikatu du parlamentariak; bestetik, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan urtarrilaren 1ean sortuko duten Herri Elkargoa izan du gogoan, horrek Euskal Herriko administrazioen arteko elkarlana erraztuko duelakoan.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!