Redin Cruzat jauregia: zentro komunitario, soziala eta kulturala izate bidean

Euskalerria Irratia 2016ko abenduaren 13a

> Kale Nagusiko 31. zenbakian dagoen eraikina herritarren esku utziko Iruñeko Udalak, heldu den ikasturtean.
> Proiektua eta kudeaketa zer nolakoak izanen diren definituko du, lehenik eta behin, eta, horretarako, Plazara! prozesu parte hartzailea abiatu du.

Zentro "komunitarioa, soziala eta kulturala" izanen da Iruñeko Alde Zaharreko kale nagusian dagoen Redin Cruzat jauregia. Garai batean Redin y Cruzat familiarena izana,1983an erosi zuen Iruñeko Udalak; Joaquin Maya eskola izan zen gero, baina hutsik geratu zen 2009an, eta hutsik egon da horrez geroztik.

Parte hartzea, martxan

Orain, Plazara! izeneko proiektu parte hartzailearen bitartez, martxan jarriko dute berriz, udalak eta alde zaharreko hainbat auzokideren zein eragileren elkarlanari esker. Ez hori bakarrik: edozein herritarrek parte har dezake proiektua definitzen.

Heldu den ikasturteko irailean irekitzea da asmoa, eta ordura arte, hiru fase iragan beharko ditu proiektuak: lehenik eta behin, erabilerak definitzekoa.

Zer egin parte hartzeko?

Nola parte hartu? Postontziak jarriko dituzte ekarpenak egin ahal izateko; parte hartze dinamikak izanen dira, hala nola, bisita gidatuak eta harrendako dinamikak; plazara.net webgunea paratu dute martxan eta talde eragilean, elkarrizketetan zein lantegietan ere egon daitezke herritarrak. Horra lehenengo fasearen ezaugarritzea. Bertan egindako ekarpenak Iruñeko Udaleko Herritarren Parte Hartze eta Urbanismo Sailak batuko ditu, eta, ostean, espazioaren egokitzapen arkitektonikoa zein izan daitekeen definituko du, egitasmoaren sustatzaile herritarrekin batera.

Bigarren fasean, kudeaketa zer nolakoa izanen den eztabaidatuko dute. Eta, azkenik, heldu den ikasturtean zentro komunitarioa martxan jartzea da litekeena.

Lau printzipioren bueltan

Lau printzipioren bueltan egituratu dute Plazara! proiektua: "Funtzionalitatea, balioaniztasuna, irisgarritasuna eta iraunkortasuna".

Eraikinak 1.261,65 metro karratu dauzka eta elkarteetan dauden herritarrek zein ez daudenek erabiltzeko egokituko dute, baita tokiko ekonomia sareak aprobetxatu dezan ere.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!