Langileen Autodefentsa Sarea sortu dute prekarietateari aurre egiteko

Euskalerria Irratia 2016ko azaroaren 23a

"Langile arteko elkartasun ekintzak garatu eta eginen dituen auzo eta herrietan egituratutako sarea" da aurkeztu dutena.

"Egoera latza gurea gaur egun. Pairatzen dugun prekarietateak gure arteko antolakuntza ekiditen du, eta aldi berean, antolakuntza eza honek prekarietatean are gehiago murgiltzen gaitu, etengabeko sorgin-gurpilaren preso. Gaur egungo langileon errealitateak berak ere ez digu antolakuntzarako aukerarik ematen: kontratu laburrak, ezegonkortasuna, tokian tokiko kontratuak, beldurra… Gainera, gure onerako, baina taldearen okerrerako, geure burua aurretik jartzen saiatzen gara, lankideon artean zapalduz beharrezkoa bada". Horra Langileen Autodefentsa Sareak kaleratutako aurkezpen oharra: "langileriaren interesak defendatzeko lanabesak" behar direla deritzo, eta horregatik sortu da, hain justu.

Komunean ekinez aitzin

"Langile arteko elkartasun ekintzak garatu eta eginen dituen auzo eta herrietan egituratutako sarea" izanen da, "komunean ekiteko beharra" ikusten dute eta.

Halaber, "langileriaren beharrak aseko dituzten ekimenak sustatzea ezinbestekoa" dela azpimarratu dute, "langile eta herri mugimendutik abiatuz" lan eginen dute, "elkartasunetik eta elkarlanean, gatazkak karrikaratuz", "autodefentsa jardunbideak sustatuz".

Webgunea -langileautodefentsa.net- eta Twitter kontua -@autodefentsare- kaleratu dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!