0 eta 3 urte arteko haurren herena baino ez dago eskolatua

Euskalerria Irratia 2016ko azaroaren 23a

Hezkuntza arlotik haur eskolen eredua berraztertzera deitu du Miguel Laparra kontseilariak. 

Haur eskoletara 0 eta 3 urte arteko haurren herena joaten da, “zerbitzu horren unibertsalizaziotik oso urrun geratzen den zifra da hori”. Miguel Lapara Gizarte gaietako kontseilariak nabarmendu zuen haur eskolek hezkuntza eredu izan behar dutela, zerbitzuaren ekitatea ziurtatu behar dela, izen-emate eta ikastetxe batean sartzeko irizpideak aldatzea eta kuotak berraztertzea oraingoak ez direlakoan bidezkoak. Euskarari dagokionez, “haur eskolek eskaintzen dutena ez da nahikoa” esan du Laparrak eta aurrera pausoak eman behar direla iritzi du.

“Duela hamar urtekoa da haur eskolen mapa, sakonean berraztertzeko beharra dago”, esan du. 9.470 haur daude eskolatuak haur eskolaren batean aurten eta guztira adin horretan 19.000 haur bizi dira Nafarroan.

Hizkuntza eskaintza

Iruñearen adibidea erabili du Laparra kontseilariak hizkuntza arloan dagoen eskaintza aztertzeko. Haur eskola eredu bera beharrezkoa dela uste du eta haur eskola publikoen eskaintza handitzeko aukera aztertzea. Baliabide gutxien duten familiei bekak emateko, Udalak hizkuntza ereduen azterketa egiteko eta haur eskoletako lan taldeetan euskararen presentzia zenbaterainokoa den ikertzeko proposamenak jarri ditu mahai gainean.

Plaza kopuruak

Haur eskola publikoetan 4.952 plaza daude eta horien artean 4.528 daude okupatuak. Pribatuei dagokienez 1.289 plazetatik 1.000 daude beteak eta haurtzaindegietan 3.229 plaza daude, horietatik, 1.463 beteak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!