Abortatzeko eskubidea sare publikoan bermatuko du Gobernuak

Euskalerria Irratia 2016ko azaroaren 22a

Osasunbidean ziurtatuko dute abortoa. Arg:saludmental.org

> Ugalketa lagundua bermatuko diete sexu bereko bikoteei eta bikotekiderik gabeko emakumeei.
> Ugaltze eta sexu osasun zentroen sarea indartuko dute. Gazteentzako sexu heziketa eskainiko dute eta arretaren esparrua hobetuko da.
> Transexualen eskubideak bermatzeko neurriak ere hartuko dituzte,  eta arreta integrala eskainiko du.

 

Sexu eta ugaltze osasunaren esparruan izanen dira aldaketak. Abortatzeko eskubidea sare publikoan bermatuko du Gobernuak, Osasunbidean. Hogeita hamar urteren ondoren aste honetan bertan sartuko da indarrean Sexu eta Ugalketa Osasunari buruzko Foru Dekretua. Atzo aurkeztu zuten arau berria Fernando Dominguez Osasun kontseilariak, Luis Gabilondo zuzendari nagusiak eta gobernua babesten duten lau alderdietako ordezkariek: Geroa Baiko Koldo Martinezek, EH Bilduko Bakartxo Ruizek, Podemos-Ahal Duguko Tere Saezek eta Izquierda-Ezkerrako Marisa de Simonek. 

Abortua arautzeko dekretu hutsa baino askoz gehiago dela nabarmendu zuen Domingezek.  Sexu eta ugalketa osasunari buruzko politika berri bat izanen dela berretsi du.

Abortatzeko eskubidea ziurtatzeaz gainera, dekretu berriak beste hainbat aldaketa ezarriko ditu osasun sistema publikoan:

1. Ugalketa lagundua bermatuko diete sexu bereko bikoteei eta bikotekiderik gabeko emakumeei.

2. Ugaltze eta sexu osasun zentroen sarea indartuko dute. Gazteentzako sexu heziketa eskainiko dute eta arretaren esparrua hobetuko da.

3.  Transexualen eskubideak bermatzeko neurriak ere hartuko dituzte,  eta arreta integrala eskainiko du.

Nola egikarituko da aldaketa hori osasun publikoan?

Haurdunaldia borondatez eteteko prozedura piskanaka ezarriko dute Osasunbidean: arrazoi medikoengatik egin beharreko abortuak ziurtatuko dituzte lehenbizi, kasu horietan sartzen da emakumearen bizitza arriskuan egotea edota umekiaren malformazioa. Horiek, dekretua abian sartzen den unetik bermatuko dituzte eta ospitale gunean eginen dituzte.

Abortu farmakologikoak, sei hilabeteko epean ezarriko dituzte. Abortu instrumentalizatuak urtebeteko epean eskainiko dituzte, horiek hamalau astetik beherako haurdunaldien kasuan eginen dira.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!