"Ez al da legezkoa eraldaketa sozialaren alde lan egiten duten kolektibo eta pertsonen auto-antolaketa, paralisiaren eta instituzioekin emandako komunikazioaren aurrean, edozein izanik ere azken horien kolorea? Are gehiago: mugatu al daitezke mundu legal hau modu erradikalalean eraldatzeari lotutako prozesu autogestionatuak, legeak herriaren zerbitzura ez dauden arren?". Galdera luzatu dituzte Alde Zaharreko Gaztetxeko Asanbladako kideek, udaletxe aurrean, gaztetxea itxi dutela salatzeko prentsaurrekoan.
Zuzenean mintzatu zatzaizkie udal ordezkariei, eta udalari zabaldu duen "bertsio faltsua" gezurtatzeko exijitu diote.
Udala, epeak bete gabe
Konpainia kaleko eraikinetik Kaparrosoko txaletara mugitu ziren gazteak, udalaren urtebeteko zesioa medio, baina epeak behar bezalakoak izan ez zirela azpimarratu dute: "Hasieratik epeak aldakorrak izanik, eta horiek betetzen ez zirenez, horrek deskonfiantza giroa sortu eta prozesuari buruzko zalantzak areagotu zituen".
Obretan ez zen egitura ukitu
Zaharberritze lanetan eta obretan ez zen eraikinaren egitura ukitu. Hori ziurtatu dute gaztetxeko kideek. "Eraikinaren ezegonkortasuna ez dute egindako obrek eragin, baizik eta eraikinak ez zuelako beharrezko eta berezko ezaugarririk, eman nahi zitzaion egoera berrira egokitzeko. Horri dagokionez, hiru gauza ditugu aipatzeko: hasteko, gainbegiratze teknikopean gunearen egokitzapena egiteko beharrezko neurriak hartu zirela; ondoren, instituzioen legedian eta datuetan oinarrituz edukiera errespetatzeko protokoloak martxan jarri zirela; eta azkenik, eraikinaren alderdi teknikoei dagokienez arduraz jokatu genuela".
Gakoa, haien aburuz beste bat da: "Prozesu honek benetan atzean gordetzen duena instituzioen eta herri mugimenduaren arteko tentsioa eta dialektika dira. Eta ziur gaude, dudarik gabe, herri mugimendua bera egon behar dela gizarte honen eraldaketa erradikalaren buru".
Manifestazio eta proiektuaren zabalpena
Abenduaren 2an Alde Zaharreko Gazte mugimenduaren proiektua ezagutzeko eta bertan parte hartzeko deia luzatu dute. Hilaren 3an, aldiz, mobilizazioa: gaztetxe eta gune autogestionatuen alde, eta utziarazteen aurkako mobilizazioan parte hartzera hartzeko deia luzatu diete herritarrei.
Irakurketa osorik irakur daiteke Alde Zaharreko Gaztetxearen facebook orrian.