Foruzaingoaren komisaria guztietan kamerak jartzeko eskatu du legebiltzarrak

Euskalerria Irratia 2016ko azaroaren 18a

Aho batez onartu da mozioa. Hori bai, batzordean ez da alderdi popularra izan, eta hortaz, ahotsik, presentziarik eta botorik ez du eman. 

Atxilotutako pertsonei mediku arreta eskaintzeko eta bideoz eta audioz grabatzeko aukera izatea komisarian egon bitartean. Horixe Izquierda-Ezkerraren mozioak eskatzen zuena. Eta aurrera atera da, aho batez gainera. Hori bai, PPko parlamentariak ez dira batzorde horretan izan, eta hortaz ez dute aukerarik izan iritzia eman edo botoa emateko. 

Foruzaingoan aurrera pauso ugari eman dira azken urteotan. Oraindik ere, lan handia dago egiteke, baina, urratsez urrats egin behar direla uste du Ezkerrak. 

UPNko Oscar Arizcurenek esan du protokoloak ezartzearen alde izanen dela. Ziurtasuna da atxilotuentzat eta polizientzat eurentzat ere.

Patxi Leuza Geroa Baikoak nabarmendu du 2008an Nafarroa Baik eskaera hori egin zutela. Gobernuari egindako eskaera, aho batez onartu zen garai hartan ere. Foruzaingoaren egoitzetan, komisariatan badaude kamerak ezarriak. Gure eskumenekoak diren bakarrak Foruzaingoarenak dira. Tratu txarrak eta torturak izan dira komisaria horietan. Zalantzan jarri dute askok, eta zalantza horiek argitzeko modua izan daiteke kamerak jartzearena. Edo ekiditeko.

Kamerek eta protokoloek ez dute konponduko egoera. Polizia eredua da aldatu behar dena. Inpunitateak bestela, ateak zabalik izanen ditu. Prebentziorako baliagarriak izan daitezke, aurrera pauso bat, baina, haratago ere jo behar da. Eztabaida sortu eta polizia eredua nolakoa izan behar den aztertu:

Podemos-Ahal Duguk prebentzioa ezinbetsekoa dela iritzi du. Korporatibismoa aldatzeko, eredua aldatu behar dela dio.

Alderdi Sozialistak polizia babesteko baliagarria ere badela iruditzen zaio. Bi aldeetarako. Askotan izan baitira salaketa faltsuak. Torturak eta tratu txarrak izan direla ezin da ukatu, hori ere gaineratu du. Gogorarazi du hori bai, polizia ez dela beti oldarkorra. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!