Gaur jokatuko dute 'Mariano Izeta' bertso sariketako finala

Euskalerria Irratia 2016ko azaroaren 18a

Argazkia: Ekaitz Astiz eta Alazne Untxalo bertsolariak kantuan. / Nafarroako Bertsozale Elkartea

Alazne Untxalo, Iker Gorosterrazu, Joanes Ilarregi eta Patxi Castillo sailkatu dira Elizondon jokatuko den saiorako.

Pasa den ostiralean Barañainen jokatu zen kanporaketan lortu zuten lau bertsolariok finalerako sailkatzea. Haizea elkartean izan zen saioa, 50 bertsozaleren aurrean, saio ostekoa merendu batekin gozatu zutenak.

Hamar bertsolarik kantatu zuten kanporaketan: Patxi Castillo (Bera), Amaia Elizagoien (Oronoz), Sarai Robles (Barañain), Iker Gorosterrazu (Ituren),  Alazne Untxalo (Ituren), Ekaitz Astiz (Iraizotz), Saats Karasatorre (Etxarri-Aranatz), Aitor Irastortza (Azpirotz), Joanes Illarregi (Leitza) eta Ander Baiano (Barañain).

Puntu batuketaren ondotik, Alazne Untxalok eskuratu zituen puntu gehien eta haren atzetik gelditu ziren Iker Gorosterrazu, Joanes Illarregi eta Patxi Castillok ere finalerako txartela eskuratu zuten

Iker Mundiñano Barañaingo Bertso eskolako kidea aritu zen gai jartzaile lanetan eta Arkaitz Goikoetxea, Mikel Beaumont eta Julen Zelaieta izan ziren kanporaketako epaileak.

Finala, ostiralean Elizondon

Izeta sariketako finala gaur, ostiralean, jokatuko da, 21:00etan, Elizondoko Kortarixar jatetxean. Saioak bertso-afari formatua izango du. Txartelak salgai daude jada, 15 euroan, eta Elizondoko Fantxike arropa eta opari dendan erosten ahal dira edo Nafarroako Bertsozale Elkartean erreserbatu (948143747 telefonoan edo nafarroa@bertsozale.eus posta elektronikoan).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!