Manu Aierdi: "Aniztasunaren isla izanen dira errepideetako kartelak euskaraz ere agertzearekin"

Euskalerria Irratia 2016ko aza. 10a, 10:02

Manu Aierdi lehendakariorde ekonomikoa.

PPko eledunak "inposizioa" leporatu dio errepidetako kartelak euskaraz ere agertuko direla iragarri ondoren. Obsesioa beraiena dela eta aniztasuna islatuko dela erantzun dio Aierdi presidenteordeak. 

Nafarroako errepide sarean aldatuko diren kartelez egin dio galdera osoko bilkuran PPko Ana Beltranek Manu Aierdi presidenteorde ekonomikoari. Euskaraz jarriko dituztela iragarri zuen joan den astean Gobernuak. Alderdi popularrak uste du, neurri hori ez dela lehentasunezkoa. Neurriak itxoin dezakeela alegia. Bestelako behar inportanteagoak daudelako. Inposizioa eta lehentasuna euskara edonola zabaltzea dela leporatu dio Ana Beltranek Gobernuari.

Garapen ekonomikoa eta hazkundea sustatu ordez, euskararekin obsesionatuak egotea egotzi dio Beltranek Manu Aierdi, ekonomia alorreko presidenteordeari. Abiadura Handiko Trena, Nafarroako Ubidea, N121 errepidea… egitasmo estrategiko horiek alboratu eta hizkuntza gailendu dutela leporatu dio.

Manu Aierdik erantzun argigarri eta irmoa eman dio: Nafarroako errepide sarean dauden 67 karteletatik 45 aldatuko dituztela euskaraz ere ager dadin ongi etorri mezua.  2017ko lehen hilabeteetan eginen da eta errepideetako hobekuntzak egiteko diruarekin eginen da.

Urgentziazkoa balitz 2015ean eginen luketela ere esan dio. Eta, gainerako proiektu estrategikoak, dagokien diru-partidekin aurrera eramaten ari direla gogorarazio dio. Ekonomia Departamentuan enplegua sortzea eta garapena direlako muinak.  

UPNren garaiko goiburu bat ekarri dio gogora Aierdik Beltrani: Nafarroa, aniztasun lurraldea. Konpartitzen duen lema dela nabarmendu du. Inposiziorik ez dagoela, eta eurena dela obsesio bakarra. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!