Mendazan legez kanpoko bi putzu eginen dituztela salatu dute Sustrai Eraikuntzak eta Ega Bizirik-ek

Euskalerria Irratia 2016ko azaroaren 9a

Argazkia: Ega Bizitrik!, Sustrai Eraikuntza eta Lizarraldeko hainbat udalerrietako ordezkariak. / @SaioaAlkaiza

Arartekoan kexa aurkeztu, eta ikerketa hidrologiko bat egiteko eskatu dute.

Egon badaude jada zenbait putzu Lokizko akuiferotik eta Ega ibaitik ura ateratzeko  eta horiek ibaiaren emaria "txikitzen" ari direla kritikatu dute, batez ere udan. 2011n, esaterako, "idortu egin zen ia" Valdegako iturburua, Sustrai Eraikuntzako kide Felipe Ajonak salatu duenez.

Eraiki nahi dituzten bi putzu horiek sortzekotan, bikoiztu eginen litzateke aterako luketen ur kantitatea, oraingoarekin alderatuta: egun, 7 hektometro hartzen dituzte urtean;  eraikitzekotan, 14,5.

Eta horrek, ezinbestean, kaltea eraginen luke, bai naturan, baita nekazarien uztan ere. Horra salatu dutena.

Iluntasuna, proiektuaren lemazain

Diotenez, proiektua "iluntasunean" adosten ari da, eta "irregulartasunez" josita dago. Horren adibide, hauxe: Montejurrako Mankomunitatea ura ateratzen orain 30 urte hasi bazen ere, oraindik ez dauzka beharrezko baimen guztiak.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena behar dute obra hauek, Udalaz Gaindiko Plan Baten bitartez  onartuak izan zirelako, eta baldintzetako bat horixe bera delako. Haatik, ez dute horrela egin.

Bestela ere, Mendazako kontzejuarekin harremanetan jar zitekeen Ingurugiro Departamentua; hori ere ez du egin, ordea.

Ingurumari horretan, ikerketa hidrologiko bat egiteko eskatu dute, eta ingurunean existitzen diren ur banaketak errespetatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!