Uxue Barkos: “Astakeria da Nafarroako hitzarmena ezabatu nahi izatea”

Euskalerria Irratia 2016ko aza. 7a, 08:00

Nafarroaren autonomia fiskala defendatuko du Madrilen eta gutxiago ordaintzea baino, “bidezkoa dena ordaintzea” da foru komunitatearen xedea. 

“Astakeria litzateke eta ezjakintasunaren ondorio baita arduragabekeria politikoa ere Nafarroak duen hitzarmena ezabatu nahi izatea”, horixe nabarmendu du Uxue Barkosek EFE agentziari eskainitako elkarrizketa batean. “Finantziazioan dauden desberdintasunez kexatzen dira erkidego asko, ez da gutxiago ordaintzea, baizik, bidezkoa dena ordaintzea”, azaldu du Lehendakariak.

Nafarroaren autonomia fiskala defendatu du Barkosek eta gogorarazi du, gainerako erkidegoei dirua agortzen zaienean Espainiako Gobernura jo dezaketela, Nafarroak ez duela aukera hori eta finantziazio pribatura jo behar duela. Hasiak dira Mariano Rajoyrekin negoziazioak Barkosek aurreratu duenez. Hitzarmen ekonomikoa adosteko baliatuko dute lehen hartu eman hori.

Nafarroako Parlamentuak orain gutxi onartu zuen Foru Hobekuntza berrikusteko proposamena. Barkosek uste du, Foru Hobekuntza egungo legediari egokitzea ezinbestekoa dela. Espainiako Gobernuaren jarrerarekin kexu, zenbait eskumenen transferentzia berantiarra dela-eta, trafikoarena adibidez.

Ikurren legea

Gobernua babesten duten lau alderdien “osasuna” ona dela nabarmendu du Uxue Barkosek. Dio, Ikurren Legea berrikusi eta egokitu beharra dagoela eta hori eginda, aukera izanen dutela udalek, hala erabakita, ikurriña zintzilikatzeko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!