1.000 emakume hil dituzte gizonek 2003tik. Hau da, urtero 80 erailtzen ditu indarkeria matxistak. Andrea elkarteko kideek salatu dute "estrukturala" dela biolentzia hori, egiturazkoa, egitura patriarkalaren ondorioa, hain justu.
Patriarkatuak ezarritako genero rolen ondorioz gizonek emakumeekiko erabiltzen duten botere sistemaren isla da indarkeria matxista. Eta, hori dela kausa, azaroaren 25aren harira, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunaren karietara, alegia, hainbat ekimen antolatu dituzte, eskubide berdintasunaren bidean "aurrerapausoak" eman badira ere, asko baitago egiteko, Saezen irudiko.
A25, egitaraua
Hedabideen eta indarkeria matxistaren inguruko hitzaldi bat, Pikara Magazineko kideek eskainiko dutena, eta gizonei zuzenduriko beste bat. Horiek biak dira prestatutako bi konferentziak. Lehena hilaren 14an izanen da, Paris 365n; bigarrena, 21ean, 19:00etan ere, Kondestablen.
Horrez gainera, biolentzia patriarkala bistaratzeko kanpaina jarri du martxan Andrea elkarteak: emakumeek pairatu duten genero bazterketa konta dezaten, atal bat ahalbidetu du haren webgunean.
Bestalde, autodefentsa formatzaile izateko ikastaroak ere martxan ipini dituzte, udalaren laguntzaz, eta aipatzekoak dira, era berean, indarkeria sufritu duten horiei eta euren seme alabei bideraturiko pintura ikastaroak.