Heldu den urteko Nafarroa Oinez hartzeko prest dago Lesaka

Euskalerria Irratia 2016ko azaroaren 4a

Argazkia: Nafarroa Oinez-aren balorazioa eta heldu den urtekoaren aurkezpena.

Bikin bat in lelopean ospatuko dute 2017ko Nafarroako Ikastolen aldeko jaia. Vianako eta Lodosako ikastoletako ordezkariek esan dute "Euskal Herriak erakutsitako elkartasunak indarberritu" egin dituela.

Oraina aztertu eta etorkizunari begira jarri. Hori da Nafarroa Oinez festako antolatzaileek egin dutena. Aurten, "arrakastatsua" izan da festa Vianan eta Lodosan, "ezin hobea".

Lodosako Ibaialde Ikastolako zuzendari Iñigo Telleriak esker hitzak baina ez ditu izan: "Bidean lan handia eta zailtasunen bat edo beste topatu badugu ere, erronka gainditu dugu, milaka euskaltzale bertaratu baitziren urriaren 16an Vianara, ikastolei eta euskarari babesa emateko".

Bide beretik jo du Vianako ikastolako zuzendari Maite Oterok: "Euskal Herriak erakutsitako elkartasunak indarberritu egin gaitu eta, hortaz, Erentzun eta Ibaialde Ikastolak osatzen ditugunok gogoz eta kemenez jarraituko dugu aurrerantzean ere, geure asmoari eutsiz, euskararen normalizazio prozesuan eragile izanez, alegia".

Lesakan, motorrak bero

Orain, Viana eta Lodosako ikastoletako kideak aurrera begira jarri, eta lesakarrei pasa diete lekukoa. Tantitumairu ikastolak prestatuko du heldu den urteko Nafarroa Oinez jaia, Bikin batin leloa ardatz.

"Tantirumairu tamainan txikia da, baina ilusioan hagitz handia dela sumatu dugu Nafarroa Oinez antolatzeko ardura gurea izanen zela jakin genuenetik, eta ingurunearen babesa nabarmendu beharra dugu. Eskerrak adierazi jada laguntzera hurbildu den jendetzari, eta antolaketan edo beste lanetan laguntzera hurbildu nahi duenak ongi etorri izanen du, noski". Tantirumairuko zuzendari Aitor Iratzoki besoak zabal azaldu da, festaren nondik norako guztiak atontzeko prest.

113 ikasle ditu Lesakako ikastolak, hamasei langile eta ehun bazkide. Hasiera batean, zazpi ikasle besterik ez zeuden, baina urteen joan etorriarekin, asko handitu egin da. Horregatik eginen dute bertan Nafarroa Oinez: azpiegitura osoagoak behar dituztelako.

Ikastolak hazi egin behar du

Amaia Lasheras Tantirumairu ikastolako lehendakariaren hitzetan, egoitza berri bat da behar dutena: eraikin berria eraikiko dute eta, aldi berean, zaharrari bestelako erabilpena emanen diote.

Hala, jangela handiagoa; laborategi bat; hezkuntza premiak dituzten haurrekin lan egiteko gelak; talde bikoiztuak egiteko aretoak; gurasoentzako gelak; psikomotrizitate gela; eta beste eginen dituzte.

Era horretan, egoitza berriak Haur hezkuntzako etapa osoa hartuko du, lehenbiziko solairuan; bigarrenean, jangela eta psikomitrizitate gela.

'Bikin batin', zergatik?

Bikin batin leloa hautatu izana ongi pentsatutako kontua da. Bi, Oinez festa Lesakan egiten den bigarren aldia delako. Bi, lehen haur belaunaldiak seme alabak daramatzalako jada ikastolara, bigarren belaunaldia, alegia. Bi, Nafarroa Garaia eta Beherea daudelako. Bi, komunikazioan beti bi elementu daudelako: hartzailea eta igorlea. Eta bi, bigarren eraikin bat sortu nahi dutelako.

Eta bat hitza ere azaltzen da. Bat erabili dute, ezaugarri asko bitan errepikatu arren, bakarra direlako: bat da Nafarroa, bat dira lehen eta orain eskolan dauden familiak, bat ikastola bera bigarren eraikin bat eraiki nahi duten arren...

Gauzak horrela, martxan da Nafarroa oinez festa. Denda ere irekiko dute laster, Lesakan, nahi duen horren materiala eskuratu dezan.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!