Nafarroako Euskal Kantu Txapelketa berrabiaraztea erabaki du kantuzale talde batek. Azken zazpi urteotan krisia eta sostenguen faltaren eraginez txapelketa ez da jokatu Nafarroan. Aurten, aldiz, zenbait kantari elkartu dira Kantuzaleen Elkarteari haize eta bizia berriz emateko. Horrela hiru saio antolatu dituzte Antsoain, Burlata eta Tafallako udalekin batera. Haietan Nafarroa osotik etorritako talde, bikote eta bakarlariak arituko dira, kantu zahar zein berriak eskainiz.
Lehen Saioa Antsoaingo Antzokian eginen da larunbatean. Bigarrena Burlatako Kultur Etxean ospatuko da azaroaren 13an eta azkena Tafallan, denak 18:00etan.
Ainhoa Hualde tafallarra txapelketako arduraduna da. Berak adierazi du zergatik erabaki duten berriz topaketa honi eustea: “2016ko Nafarroako Euskal Kantu Txapelketa antolatzeari ekin diogu haren falta baitugu hartan parte hartzen genuenok; gozatzen genuelako besteen ekarpenekin; giro ezin jator eta atseginagoan igarotzen genituelako negu hotzaren atariko pare bat arrats; etxezulotik atera eta euskal herri-kulturaren arnasguneetan belarri-gogo-bihotzak lepo betetzen genituelako; eta azkenik baina ez azken, jarraipen-eskean eta ate-joka ditugulako Nafarroako Haur eta Gaztetxo Kantarien Jaialdietako parte-hartzaileak. Ez dadila haria eten!”
