Carmen Albak ez du azalpenik emanen komisarian hildako gizonezkoaren inguruan

Euskalerria Irratia 2016ko aza. 2a, 14:15

Legeak ez duelako behartzen eta Parlamentuak eskaera eginda ere, ez da azalpenak ematera joanen. 

Espainiak Nafarroan duen ordezkariari, Carmen Albari agerraldia eskatu dio Parlamentuak. Joan den astean, Espainiako Poliziaren etxean hildako gizonaren inguruan azalpenak eman dezan eskatu diote, zehazki. 42 urteko senegaldarra, Elhadji Ndiaye zergatik hil zen ikertzeko eskatuko diote.

Hala baina, PPko eledun Ana Beltranek iragarri du, Albak ez duela asmorik agerraldirik egiteko, alegia, ez duela asmorik Legebiltzarrean azalpenak emateko. Zein aitzakia erabili du oraingo honetan horretarako? Bada, beste zenbait kasutan egin bezala, obligaziorik ez duela Parlamentura joateko eta ez duela eginen.

Gobernua babesten duten lau indarrek egina zuten Carmen Albaren agerraldiaren eskaera. EH Bilduko Bakartxo Ruizen esan du arduragabe ari dela jokatzen Alba, eta, legalki ez badu zertan Parlamentura joan, politikoki ardura hori duela uste du. Chinchilla kaleko komisarian gertatutakoa argitzea ezinbestekoa dela uste du EH Bilduk.

Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk ere betebehar morala dela uste dute Albaren agerraldia.

UPNk bere aldetik esan du, gustatuko litzaiekeela argitzea zer gertatu zen. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!