Aitor Zandueta: “Internetara konektatuta bizi garenez, zibererasoen zonbiek irentsiko gaituzte“

Euskalerria Irratia 2016ko urr. 31a, 10:59

Zientzia, teknologia eta frikismoa lantzen ditugu Metropoli Foraleko laborategi erradioaktiboan. Oraingoan mintzagai, gero eta maizago gertatzen ari diren zibererasoak, 3D inprimagailuak, Soylent elikagai adimentsua, Asgardia izeneko herrialde digitala espazioan eta eltxoak hiltzeko tanke robotikoa.

Aitor Zandueta ikerlaria Klingon arrazako humanoidea da. Jedi maisu indartsua eta jakintsua. Materia organikoz eta elementu teknologikoz osatutako Ziborg izakia. Aitor Zandueta, Makilakixki.

Zibergerra gure etxeetara iritsi da

Aurrekoan, hainbat webgune erorita geratu ziren: Twitter, CNN, Reddit, Spotify... Historiako mota honetako erasorik handiena izan dela diote. Eraso honek AEBetako ekialdean eta Europaren iparraldean izan zuen eragina batez ere. 

 DDoS (Distributed Denial of Service-Banatutako Zerbitzu-ukazioa) erasoa izan zen. Zerbitzari bati ahalik eta eskari gehien eta bizkorren bidaltzean datza, hura saturatzeko. Zerbitzari horren menpe dauden webguneak bisitatu ezinik geratzen dira

 Hiru erasoaldi izan ziren egunean zehar. Erasoak mila milioika internet helbideetatik (IP) egin dituzte. Eraso asko IoT (Gauzen Internet) deitzen den horretatik egin da. Internetera konektatutako telebistak, hozkailuak, kafe makinak, webkamerak, DVDak... Malwareak kutsatuta daude eta armada zonbie baten moduan erabiliak izan dira erasoa egiteko (botnet).

 Ez da gauza berria, baina IoT horren garrantzia eta arriskua agerian uzten du. IoT gailuak arriskutsuak dira? Asko dira eta haien kopurua handitzen ari da etengabe. Gero eta gailu gehiago konektatzen dira Internetera. Segurtasuna ez da hainbeste zaindu orain arte. Ziberpunkak aurreikusitako ziber-gerra gure etxe eta poltsikoetatik gertatzen ari da

Lotura: Gizmodo, The Next Web, The Guardian

 

Belarriak egiteko 3D inprimagailuak

 Ikerlari talde batek hezurra, kartilagoa eta muskulua sortzen duen 3D inprimagailua garatu du: ehun-organo inprimagailu integratua deitu diote. Artikulua Nature zientzia-aldizkari ospetsuan argitaratu zen otsailean. Orain arteko muga organo sintetikoetan erabiltzen zen hezurdura edo aldamioa zen, ez baitzen egokia eta tamaina txikikoak egin zitezkeen soilik

 Inprimagailu honekin hezurdura biodegradagarria da. Hezurdurarekin batera zelulak doaz. Hezurdurak poroak ditu bertan dituen zelulak elikatu daitezen. Egitura handiak inprimatu daitezke. Orain arte masailezurra, belarri itxurako kartilagoa eta giharra inprimatu dute. Sagu eta arratoietan txertatu zituzten. Esperimentuak iraun zuen denboran ehun sintetikoak organismoan integratu ziren eta osasuntsu zeuden. Oraindik ez dute gizakietan frogatu, baina hori da helburua

Lotura: Popular Science, Nature

 

Soylent elikagai adimentsua

 Soylent elikaduraren etorkizuna izateko helburuarekin jaio zen. Hiru ezaugarri nagusi ditu. Orekatua: organismoak behar dituen substantzia guztiak eta behar dituen kantitatean. Azkarra: elikatzea beharra bezala ikusten da, ez plazera bezala eta ondorioz ahalik eta denbora gutxien eman beharko genuke elikatzen. Ez da garestia: hilean 150€ko gastua elikagai bakarra bada (2€ baino gutxiago otordua)

Osagaiek AEBetako Medikuntza Akademiaren gomendioak jarraitzen dituzte. Elikagai bezala salgai dago bertan, behintzat. Elikagai osasuntsuen artean sartzen da: azukre, gantz eta kolesterol gutxi

 Hiru modutara saltzen da: likidoa, disolbatzeko hautsa eta barratxo bezala. Zapore neutroa du, atsegina baina ez oso erakargarria. Jarraitzaile asko ditu, izan ere crowdfunding kanpaina arrakastatsu baten ondorioz lortu zuten Soylent garatzeko behar zen dirutza. Egunean 10.000 otordu saltzen dituzte.

 Berriki barratxoak merkatutik kendu dituzte. Jan ondoren jendea gaixotzen zen: sabeleko mina, oka egiteko gogoa, beherakoa...  Horren arrazoia aztertzen ari diren bitartean barratxoak merkatutik kendu dituzte.

 Izena Soylent Green (Cuando el destino nos alcance) filmean oinarritua dago. 1973ko zientzia fikziozko filma da. Charlton Heston protagonista. Etorkizun distopiko batean elikagaien gabezia izugarriari aurre egiteko, Soylent Green elikagaia asmatu dute eta populazioa kontrolatu egiten dute adindunak erretiratuz.

Filmaren bukaeran Soylent Green elikagaia, erretiratutako pertsonekin egiten zutela jakiten da. "Soylent Green giza-gorpuekin egiten dute, gizateria salbatu beharra dago!....."

Lotura:  Xataka, Ars technica

 

Asgardia: herrialde digitala espazioan

 Nazio berriak Asgardia du izena eta Lurraren orbitan egongo den satelitea izango da. Oraindik biztanlerik ez badu ere datozen hilabeteetan izena emateko aukera izango da. Datorren urtean satelitea bidali nahi dute espaziora. Denborarekin Nazio Batuen Erakundeak beren herritartasuna aitortuko duela espero dute. Igor Ashurbeyli ingeniari eta enpresaburu errusiarraren ekimena da

 Bi arazo nagusi ditu. Batetik, ekonomikoa: satelite bat orbitan jartzea oso garestia da partaideek ordainduko dute Bestetik, legala: legearen arabera estatu batek biztanleria eta lurraldea izan beharko luke. Biztanleria 100.000 pertsonakoa izango da. Nahi duenak eman dezake izena. Hasiera batean biztanle hauek Lurra planetan sakabanatuta egongo dira. Lurraldetasunaren inguruan legeak ez du zehazten lurralde hori non egon behar duen eta nolakoa izan behar den.

 Hauen helburua lurraldea espazioan egotea da, satelite batean. Legearen arabera inork ezin du espazioa bere egin, baina hauek satelitea izango dute beren lurralde. Nazio digitala izango da

Lotura: New Scientist

 

Teknologia absurdoa: eltxoak hiltzeko tanke robotikoa

 Ideia zoragarria LeiShen enpresa txinatarrarena da. Eltxoak laserraz hiltzen dituen robot autonomoa da. Etxean bere kasa ibiltzeko gai da lidar  teknologiaren bidez. Gainean laser potentea du eltxoak hiltzeko. Eltxoak identifikatu eta jarraitzeko algoritmoak erabiltzen ditu. 30-40 eltxo hil ditzake segunduko

Enpresaren hitzetan “historian zehar eltxoen aurkako gizakien gudan ez dugu sekula garaipena lortu. Baina laserren bidezko eltxo hiltzaileei esker egoera aldatuko da. Eltxoen ziztadak eragindako malaria, denge eta zika bezalako gaixotasunak kontrolpean izango ditugu hein handi batean”.

 Koinatei edo energia konpainietako kontratuak atez-ate egiten dituztenen begiak erretzeko ere erabili daiteke. Aukerak mugagabeak dira.

Lotura: Popular Science

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!