Foruzaingoaren zenbait goi-kargu ordezkatu dituzte

Euskalerria Irratia 2016ko urr. 25a, 08:57

Hamabi agintari ordezkatu dituzte, tartean, saileko bi buruzagi eta langile interinoak. 

Foruzaingoaren baitan goi-karguen aldaketa izan da. Hamabi goi-agintari ordezkatuko dituzte azaroaren lehen egunetik hasita. Egun horretan sartuko da abian Foruzaingoaren Funtzionamendurako eta Antolaketarako Araudi berria. Aldaketen artean, nagusi, bitartekoak diren (interinoak) hamaika langileren kargu-uzteak. Beste bost sailetako goi-karguen artean ere izanen da aldaketarik: bi sailetan ordezkatuko dituzte bi goi-kargu. Gerardo Goñi Foruzaingoaren buru izandakoa eta orain Hiritarren Segurtasunerako saileko burua zenak, kargu hori utzi eta Barne Segurtasunerako Saileko eta Administrazioko buru izanen da. Angel Fernandezek hartuko du Goñiren lehengo kargua, alegia, Hiritarren Segurtasunerako saileko buru izatearena. 

Atzo bertan eman zuen Torcauto Muñoz Foruzaingoaren buruak aldaketen berri. Noiz eta, bi hilabete joan direnean Foruzaingoaren barruan diren 33 agintarietatik 30ek dimisioa eman eta gero. Horiek ez zeuden ados foruzainek izanen luketen soldata berriekin ez eta jardunaldiekin ere. 

Aldaketa nabarmenak

Lizarrako eta Zangozako buruen aldaketak izanen dira nabarmentzekoak. Lehenengoaren kasuan Carlos Yarnozek kargua utziko du, bigarrengoan Jose Luis Calvillok utziko du postua. Istiluetan parte hartzen duten foruzainen burua ere aldatuko dute, orain arte Fermin Sola izan da. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!