Pertsona gutxiago biziko dira Nafarroan hemendik 15 urtera: biztanleria zaharragoa izanen da, gainera, eta pertsona bakarreko bizitokiek gora eginen dute. Datu horiek erauzi daitezke Espainiako Estatistika Institutuak kaleratu berri duen azterketatik.
Biztanleriaren %25ek 65 urtetik gora izanen dituzte. Jaiotza kopurua heriotzarena baino baxuagoa izanen da, eta migratzaile kopuruak ere ez du goranzko joera ezarriko.
Bestalde, pertsona bakarreko etxebizitzak ugaritu eginen dira: 277.073 izanen dira, hemendik 15 urtera; egun baino 23.150 gehiago. Hala, etxebizitza bakoitzeko batez bestekoa 2,48 izatetik 2,26koa izatera igaroko.
Miguel Laparra Gizarte Eskubideen presidenteordeak datuok eraman ditu Nafarroako parlamentura. Zehaztu duenez, orain, etxebizitzen %27 pertsona bakarrekoa da: 22.000 etxe, orotara. Horietatik, %80an emakumeak bizi dira bakarrik. Horien artean, pobrezia tasa handia da, "bikoitza" gainontzekoetan baino: %28koa. Horregatik, Gizarteratze Errentak "kolektibo horien" mesederako egindakoa izan du gogoan.