Gaur deklaratuko dute Altsasun bi guardia zibili eta haien bikoteei eraso egitea leporatuta atxilo hartutako bi gazteek. Foruzaingoak eraman zituen, larunbatean, ordu txikietan, 05:00ak aldera, herriko taberna batean egondako liskarra medio. Kontrajarriak dira bertsioak.
Larunbatean, herritarrek egindako batzar informatiboan, "ostatuetako ohiko borroka" izan zela adierazi zuten lekukoek. Ildo berean, testuinguruan paratu nahi izan du mira Ospa! mugimenduak, hala, herrian bizi duten "errepresio egoera" ekarri du gogora, "eguneroko polizia indarkeria" pairatzen baitute, "mehatxu, eraso eta kontrolen bidez".
Bestalde, Sortuk bi atxilotuak aske uzteko eskatu, eta Guardia Zibilaren jokabidea gaitzetsi du, "Altsasuko kaleetan krispazioa eta probokazioa areagotu besterik" ez du eta egiten polizia indar horren presentziak.
Salaketa ere egin du alderdiak: "Oraindik txosten publiko eta salaketa publikorik egon gabe, Guardia Zibilak soilik hedatutakoaren arabera bertsio ofizial bat eraikitzen aritzea" gaitzetsi du.
Elkartasun elkarretaratzea deitu du Ospa!-k gaur goizerako, astelehenarekin, atxilotutakoei babesa adierazteko, 10:30ean, epaitegian. Sare sozialen bidez zabaldu dute hitzordua.
Erreakzioak, bertsio ofizialik gabe
Datuak falta dira oraindik Altsasun gertatutakoaren inguruan. Zauritutako lau pertsonetako batek medikuaren esku hartzea behar izan zuen, ebakuntza egin zioten orkatila mindu zuelako; gainontzeko hirurek "askotariko kontusio arinak" dituzte.
Nafarroako Gobernuak kaleratu du jada haren irakurketa, eta "gaitzespen irmoa" agertu du. Espainiatik ere iritsi dira iruzkinak. Mariano Rajoy presidenteak ere txioa idatzi du:
Un abrazo y todo nuestro ánimo a la @guardiacivil de Alsasua tras la brutal agresión sufrida por dos de sus miembros. No habrá impunidad. MR
— Mariano Rajoy Brey (@marianorajoy) 16 d’octubre de 2016