Etxebizitza "sozialagoa" lortzeko lege proposamena, aurrera

Euskalerria Irratia 2016ko urriaren 14a

Argazkia: Geroa Bai, EH Bildu eta Ezkerrako kideak.

Babestutako etxebizitzak sustatzeko kooperatibak eta alokairu babestua dira lege proposamenak barnebiltzen dituen ezaugarrietako batzuk.

"Etxebizitzari lotutako gaietan laguntzeko neurrietarako Foru Lege Proposamena" onartu dute lauko gobernuko taldeek eta PSNk: horren barruan, makina bat neurri: esaterako, "bizitoki duinak" lortzekoak, babestutako alokairua lehenetsita eta eskaintza handituta; baita babestutako etxebizitzak sustatzeko kooperatibak indartzea ere.

Orain, lege proposamenak zuzenketa epeari ekinen dio, eta, horren ostean, behin betiko onarpena iritsiko da gero.

"Higiezinen burbuilaren eredutik ihes egiteko" beste neurri batzuk ere hartuko dira aintzat: etxebizitza berriak promozionatuko dituzten kooperatibak sustatzea; erabilera-zesioa, edukitzeko formula berri bat arautzea; etxebizitza politiken diseinuan parte-hartze publikoaren alde egitea eta higiezinen eraginkortasun energetikoa hobetzea.

Babestutako alokairua sustatzeari dagokionez, Lege Proposamenak aurreikusi du errentak % 8,05 eta % 14,67 artean igoko direla 2015eko prezioei dagokienez. Zenbateko horiek, 2017an zehar izoztuta egongo direnak, KPIaren arabera eguneratuko dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!