Iruñeko Udalak 412.959,31 euro inbertituko ditu Trinitarios inguruan trenari buruzko parke tematiko bat eraikitzeko. Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitara eman da lizitazio-iragarkia, eta lanak gauzatzeko epea hiru hilabetekoa da. Lanak Trinitariosko parkearen hegoaldean dagoen orubean egingo dira, antzina gasolindegia zegoen lekuan (gasolindegia eraitsi eta ondoko orube batean eraiki zen).
Joan den ekaineko Osoko Bilkuran onetsitako aurrekontu-aldaketetako batekin bat dator parkearen finantziazioa. Urbanizazio-proiektuak honako hauek jasotzen ditu: tren-zirkuitua osatzeko trenbideak eta parkea itxuratzeko oinarrizko osagarri guztiak (tunelak, zubiak...), eta parkeak izango dituen eraikinendako (eraikin nagusia eta bagoi-tokia) zimendua, zolatak eta drainatzea. Eraikinen proiektuak ondorengo faseetan garatuko dira. Urbanizazioa ur-hornidura, saneamendua, ureztatzea, instalazio elektrikoa eta hiri argiteria harguneendako beharrezko instalazioak jasotzen dituen proiektu gehigarri batekin osatzen da.
Une honetan, orubean ez dago eraikinik, eta 4.118 metro koadroko azalera du. Lursaila hiru zatitan banatzen da: antzinako gasolindegira sartzeko errepidea; antzinako gasolindegiaren eraikinaren eraisketa-eremua, lur eta harriekin; eta Gipuzkoako etorbidetik gertuen dagoen alboko bazterra, landare-lur eta berezko belardiarekin.
Gipuzkoako etorbidearekiko mugetako batean lurzatiak antzinako horma baten zimenduen arrastoak eta zuhaixkak ditu. Zimendu horiek mantenduko dira, Erreginaren aldaparekin bat egiten duen biribilgunetik gertu dagoen ezpondari eusteko. Gainera, lurzatia inguratzen duen espaloia calatorao motako zintarriarekin errematatutako baldosa hidraulikoarekin egina dago, eta antzinako gasolindegirako ibilgailuen sarbidean eten egiten da, mutiloiak jarri baitira ibilgailuak ez sartzeko. Zuzkidura-lurzati bat bada ere, ez du ur-hornidura, saneamendu, ureztatze, instalazio elektriko eta hiri argiteriarendako instalaziorik.