Iruñeko udal erregistroak ez du irekiko larunbat goizetan

Euskalerria Irratia 2016ko urriaren 3a

Argazkia: Kondestable jauregian dago Erregistro Nagusia.

Administrazio Prozeduraren lege berriaren arabera, larunbatak, igandeak eta jaiegunak baliogabeak izanen dira epeen zenbaketarako.

Administrazioarekiko prozeduren inguruko epeen zenbaketa sistema aldatuko da urriaren 3tik (astelehena) aurrera, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/15 Lege berriak indarra hartuko baitu. Legearen 30. artikuluak ezartzen du “Betiere legez edo Europar Batasuneko Zuzenbidean beste zenbaketarik aditzera eman ezean, epeak egunetan adierazten direnean, horiek egun balioduntzat joko dira, eta ez dira zenbatuko larunbatak, igandeak eta jaiegun izendatutakoak”.

Iruñeko Udalak, www.pamplona.es webguneko erregistro elektronikoaz gain, beste sei erregistro egonkor ditu martxan, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era: Kondestablearen jauregiko Erregistro Orokorra (Kale nagusia, 2) eta honako helbide hauetan dauden osagarriak: Iratxeko monasterioaren k., 2; Armada etorbidea, 2; Zapateria, 40; Descalzos, 72; eta Eslava, 1.

Orain arte, horiei gehitu behar zitzaien larunbat goizetan Udaletxeko ezkaratzean zegoen erregistro osagarria. Astelehenetik aurrera, erregistro hori ez da indarrean egonen. Iruñeko Udalean aurten erregistratu diren 20.620 agirietatik, 223 –guztien % 1– Udaletxean aurkeztu dira. 2015ean, udal-erregistroetan 22.370 agiri erregistratu ziren, eta horietatik, 556, Udaletxean.

Udal-erregistroek jasotzen dituzte herritarrek eskura ematen dituzten idazki eta agiriak zein posta bidez heltzen direnak, eta haien sarrera balioesten dute (interesdunari eskabideen kopia baliozkotua ematen zaio, edo, behar denean, horren baliokide den jaso izanaren agiria). Horrez gain, agiri pribatuen kopiak kautotu eta agiri publikoak konpultsatzen dituzte, baldin eta kopia horiek eraginkor izan behar badute Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen aurrean tramitatzen diren prozeduretan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!