Heldu den urteari begira jarri da Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilaria. Diario de Noticias egunkarian elkarrizketa egin diote eta legegintzaldiko lehen urtearen balantzea egiteaz gainera, aurrera begira ere jarri da. Hezkuntza Departamentuarentzat aurrekontu gehiago izanen dela iragarri du "lehentasuna" delako hezkuntza. 2017an Bigarren Hezkuntzako lan eskaintza publikoaren froga egiteko asmoaz mintzatu da Mendoza. Oraindik jakin gabe noiz izanen diren zehazki azterketak, Lan Eskaintza Publikoa izanen dela berretsi du. Dena dela, Espainiako Gobernuaren egoerak eragina baduela nabarmendu du eta jardunean egoteak prozesua bera atzeratu egiten duela dio.
Lehen urtearen balantzea
Kudeaketarako erraza ez den departamentu bat dela aitortu du Mendozak. Hezkuntza ongi kudeatzea oso zaila dela ere azpimarratu du eta are gehiago, 30 urtean modu konkretu batean kudeatu denean. Lehenbizi, lur hartu dutela esan du, eta gero, lehentasunezkoak ziren neurriak hartu dituztela.
“Hezkuntza departamentuaren jarrera izanen da babes juridiko eta ekonomikoa duten aldaketak egitearena, inoiz ez, intsumisioarena”, azaldu du. Beste erabaki zalantzagarrien artean Lan Eskaintza Publikoarena izan dela uste du: “Lan Eskaintza Publikoa ez dugu jakin ongi azaltzen. Erabaki teknikoen bitartez erabaki genuen proposamena egitea”, argitu du. Haur Hezkuntzan zein Lehen Hezkuntzan ezinezkoa da gaztelaniazko plazak ateratzea Ingelesez Ikasteko Programak aurrera egin duelako. “Horregatik, etorkizun hurbilean ingeles maila nahikoa izanen duten irakasleen beharra izanen da eta gaztelaniazkoen kasuan, euren jarduna txikitzen joanen da”, gaineratu du. Hala, ni hizkuntzetan espezialitate plazak ateratzea erabaki zuten eta euskarazkoen kasuan baita tutore izateko zenbait ere.
Zerrenda bakarra
Legegintzaldiaren lehen urtean bi zerrendak mantentzearen aldeko apustua egin du Hezkuntza departamentuak. Hala, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa mantendu dituzte orain arte bezala. Sindikatu askoren ustez, bidezkoa ez den aukera da hori. Zerrenda bakarrak aukera berdintasuna ziurtatzen die euskaraz ere badakiten irakasleei, diotenez. Mendozaren ustez, hausnarketa sakona behar da halako gai baten aurrean. Lehenbizi, bi zerrendek segitzearen aukerarekin egin dute bat, baina, aukera berdintasun hori ziurtatu zedin, lan eskaintza publikoaren azterketak bi egun desberdinetan prestatu zituzten. Modu horretan, euskarazkoek gaztelaniazko frogak egiteko aukera izan zuten.
Ingelesez Ikasteko Programa
Ingelesez Ikasteko Programak izan duen zabalkuntzak ekidin du gaztelaniazko irakasle plaza gehiago eskaini ahal izatea. Euskara eta gaztelania ikasteko aukera eskaintzeaz gainera, atzerriko bi hizkuntza menderatzeko gai izan daitezela ere erronka handia da hezkuntza departamentuarentzat. Horretarako Ingelesez Ikasteko Programa egokiena den aztertu ondoren eta ikerketa horren emaitzak izanda erabakiko da PAIrekin segitu edo bestelako programa jartzea abian.
Lehentasunak hemendik aurrera
Lan Eskaintza Publikoa zehazteaz gainera bestelako lehentasunak ere finkatu ditu Hezkuntza departamentuak: ikasturteen antolaketak, eskola irizpideak berrikustea, ikastetxeen mapa berrantolatzea edo aurre-matrikula prozesua berrikustea.
Aurre-matrikula prozesuan zenbait aldaketa izanen direla ere iragarri du Mendozak. Besteak beste, ikasle ohiarengatik ematen den puntua eman behar ote den edo ez, eta hala, gertutasuna eta berdintasuna ziurtatzea aurre matrikula hori egiterako unean.