Amaia Lasa eta Edurne Arrizibita mendizaleak Iruñera iritsi ziren asteazken gaueko ordu txikietan. Katmandun, Manaslu mendiaren inguruan, Dobhan herritik hurbil, harri-jausia pairatu zuten irailaren 25ean, beste hainbat mendizale nafarrekin trekkinga egiten ari zirela. Mendizale nafar bat, Adolfo Ripa, ezbeharrean zendu zen. Baita bi xerpa eta hango neska bat ere. Itzuli eta berehala, ostegun eguerdian, Euskalerria Irratian bizitakoa kontatu zuten. Lasa irratiko teknikaria da. Arrizibita, irratiko esatari ohia. Biak onik daude.
Bart gaueko ordu txikietan iritsi zineten. Lo egiteko betarik izan al duzue?
Amaia Lasa: Lo egiteko tartea izan dugu, baina lo egiteko gogo handirik ez. Egunak pasatu ahala askoz hobeto lo egitea espero dugu.
Edurne Arrizibita: Guretzako plazera da Euskalerria Irratira etortzea eta bizirik egotea. Zoritxarrez gertatu zitzaiguna gertatu zitzaigun, baina zorionez aldi berean gehienok onik atera gara. Fito, bi xerpa eta beste emakume bat hil ziren, baina gu onik atera gara. Topikoa irudituko zaio jendeari, baina bizitzak bigarren aukera bat eman izan baligu bezala sentitzen gara.
Gertaturikoa asimilatu al duzue?
AL: Oraindik ez dugu erabat sinesten gertatu zaiguna. Burbuila baten barruan bezala gaude. Pentsatzekoa da egunak beharko ditugula barneratzen joateko. Intentsitate handiko egunak izan dira. Gure bizitzetan, unerik intentsoenak eta larrienak.
EA: Oraindik ez dugu astirik izan jendearekin egoteko. Oraintxe, ama agurtu dut, hona etorri aurretik, une batez. Malko batzuk bota eta etorri gara. Familiakoekin ez gara izan.
AL: 20 ordu pasa ditugu bidaiatzen, eta komunikazioa ez da batere erraza izan. Katmandun ere ez. Wifia genuen lekuetan aprobetxatu dugu, hotelean eta ospitalean.
Trekking antolatuan heldu zineten Nepalera, ezta?
AL: Katmandun egun bat igaro genuen, eta biharamunean Manasluko trekkinga egitera abiatu ginen. Hasieran trabak izan genituen, nonbait monzon garaian inoiz baino euri gehiago egin duelako, eta errepideak ez zeudelako behar bezala. Autobusez joateko asmoa genuen, baina ikusi zuten ezin zela, eta ibilgailua aldatu genuen.
EA: Hasieratik izan ditugu arazoak bidaia honetan. Atzera begiratuta, ematen du zerbaitek ohartarazi nahi zigula akaso ez genuela egin behar. Errepideak oso gaizki zeuden. Oso larri ibili ginen pasatzeko. Halere, egun dibertigarria izan zen guretzako. Talde alaia zen gurea. Barre batzuk egin genituen autobusetik lur orotarikoetara pasatzerakoan.
Istripua hirugarren egunean gertatu zen.
EA: Bai,hirugarren egunean gertatu zen hau, goizeko bederatzietan. Pasa genuen termak dituen herri bat. Eta gero zubi bat zegoen, ibai bat zeharkatu behar genuen, oso ur emari handia duena.
AL: Ibai horren ondoan joan behar genuen, paraleloan, egun horretan eta hurrengoan. Istripua ibai ondoan gertatu zen. Ur emaria izugarria zen. Horri ere gaineratu behar zaio lurrikara handi hura izan zenetik lurra bera ez dagoela egonkor eta horrek berak errazten duela euria egin ondoren lur-jausiak izatea. Ondorio horretara istripuaren ondoren iritsi dira.
Zuek bazenekiten arriskuak bazirela?
EA: Ez, genekien gauza bakarra zen mendi magal berezia zela, eta banan-banan pasa behar genuela. Gidek oso argi esan ziguten. Eta hala jarri ginen, errenkadan. Beno, aldez aurretik bidean gizon batzuekin topo egin genuen. Eta keinu batzuk egin zizkiguten.
AL: Kontuz ibiltzeko esan ziguten, goitik harriak erortzen ari zirelako.
EA: Nik hori ez nuen entzun. Zu aurretik zindoazen.
AL: Nik bai. Hain zuzen ere horregatik esan ziguten xerpek eta gure gidariak, Pitxik [Egillorrek], kontuz joan behar genuela, banaka-banaka, ongi begiratuz harririk erortzen zen. Neurri horiek hartu ondoren pasa genuen ustez arriskutsuena zen tartea, 50 metrokoa edo. Denak elkartu ginenean, orduan jada esan ziguten hortik aurrera ere poliki eta kontuz joan behar genuela, baina arriskua gaindituta zegoela. Eta hasi ginenean aurrera egiten, orduan izan zen dena. Harri handi bat erori zen, eta hortik aurrera dena izan zen burrunba handia eta lur-jausi ikaragarria.
EA: Asko hitz egin dugu gure artean honetaz. Atzo ez dakit zeinek aipatu zuen ezbeharraren aurretik bi kideri harriren bat erori zitzaiela motxila gainera, bat handi samarra, baina ez zioten garrantzirik eman. Aurreko egunean tximuak ikusi genituen, eta tximu batek botako zuela pentsatu zuten. Nik ez nuen halakorik sumatu, burrunba hasi zen arte.
AL: Gora begiratu eta dena zen hautsa, lurra eta harriak. Ez ziren erortzen paretaren arrimura, baizik eta euria balitz bezala. Mendiak duen formagatik edo. Zuzenean bezala. Indar handiz. Harriak handiak zirelako.
EA: Franek, gure kide batek, uste zuen lurrikara bat zela, eta denok irentsiko gintuela. Latza izan zen. Une horretan ez dakizu zer gertatzen ari den. Ez dakizu zer egin. Sinestezina da. Nik baditut oroitzapenak, baina ez oso finkoak. Oroitzen naiz hori gertatu zela, eta bakoitza ahal zuen lekura joan zela. Paretara arrimatu ginen, eta hor aguantatu, bakoitzak ahal zuen moduan. Ni adibidez bakarrik nengoen. Hurbildu nintzen arroka batera, eta hor jarri nintzen. “¡Por favor, Dios! ¡Por favor, Dios!”, horiek dira atera zitzaizkidan hitzak, dardarka, eta aspaldi ez naiz mezara joan.
Zenbat iraun zuen?
AL: Minutu bat? Gehixeago? Baina ez da erraza denbora neurtzea.
EA: Hor oso txiki sentitzen zara, naturaren baitan, oso txiki.
Nola bizi izan zenuen zuk, Amaia?
AL: Zu, Edurne, bakarrik zinen. Nik sikiera lagun bat nuen alboan. Nik zorte handia izan nuen. Nire ondoan bazihoan beste taldekide bat, Txus, eta hark esan zidan, “Amaia, etorri hona”; izan ere, ni momentuan geratu nintzen ez nekiela nora begiratu, zer gertatzen ari zen… Ez nuen ulertzen. Harriak ikusten nituen, bai, baina ez nekien zer gertatzen ari zen. Txusek erreakzionatu zuen eta eraman ninduen bera zegoen tokira, metro eta erdira-edo zegoen babeslekura. Lurrak zuen formagatik biok kabitzen ginen hor. Burua makurtu eta motxilak gainean genituela, hortxe egon ginen, dena pasatu arte.
Aurretik kolperen bat jaso zenuen, ezta?
AL: Hor sartu baino lehen, harri bat erori zitzaidan bizkarrera, lepo azpira, baina kolpea motxilak gelditu zuen. Eta gero aterpean sartzen ari ginela, hanka arrastaka eraman nuen, ez dakit nola, eta izterrean ere jaso nuen harritzar handi baten kolpea. Momentuan izugarrizko mina eman zidan, baina gero jabetu nintzen kolpea besterik ez zela, ez nuela ezer hautsirik.
Amaitu zenean, ez zenekiten besteak nola zeuden.
EA: Oroitzen naiz nire babesleku horretatik atera nintzela eta Miguel ikusi nuela, Amaiaren mutila. Sekulako poza hartu nuen, bizirik zegoelako. Gero beste lagun batzuk ikusi nituen, zauriturik, burutik odola zeriela, baina hitz egiten ari ziren, kontziente zeuden, eta orduan ere lasaitua hartu nuen. Ondoren beste batzuk ikusi genituen, sekulako zauri latzekin. Arturok, adibidez, hanka hautsita zuen, eta hezurra agerian. Eta Tomasek bi zauri zituen hanketan, eta giharrak atera zitzaizkion.
AL: Tomas eta Arturo nonbait babestu ziren, baina hankak kanpoan geratu zitzaizkien, hainbeste tokirik ere ez zutelako.
EA: Pelikuletan bezala izan zen. Istripu larria. Gero hurbiltzen zara jendearengana ikusteko nola dauden eta oso irudi gogorrak ikusten dituzu. Jendea zaurituta, odoletan, oihuka.
Ikara horrekin ez dakizu zer egin. Nola erabaki zenuten nola jokatu?
AL: Oroitzen naiz momentu horretako izuaz. Ez genekien jausi gehiago izanen ziren. Fran suhiltzailearengan jarri genuen konfiantza. Oroitzen naiz, Edurne, zuk esan zeniola berak erabakitzeko, zer egin behar genuen esateko. Batzuek zioten zaurituek ezin zutela mugitu. Eta batzuek zioten haiekin geratu behar genuela. Ismael ere eroria zen ibaira.
Xerpetako bat korrika joan zen hurrengo herrira abisua emateko. Eta gero korrika itzuli zen laguntzeko. Bitarte horretan, bi mutil etorri ziren, bi xerpa, eta korrika joan ziren ibai ertzean erorita zegoen Ismael erreskatatzera, ahuntzak bezala, haien bizitza arriskuan jarriz.
EA: Fito hilda zegoen jada. Harri pilo baten azpian zegoen. Miguel hurbildu zitzaion. Oihu egin zion, baina ez zuen erantzuten. Ezin zen deus egin, eta orduan alde egitea erabaki genuen.
Zuek noiz elkartu zineten?
EA: Guretzako beste momentu latz bat izan zen Amaia topatzekoa. Hasieran Miguelekin egin nuen topo eta ez genekien Amaia non zegoen. Hasi ginen ibiltzen, eta aurrean zegoela ikusi genuen. Elkar besarkatu genuen.
AL: Hor ni ere lasaitu nintzen. Gu hirurak elkarrekin joan ginen. Aurrez ere ezagutzen nituen gehienak, beste zeharkaldi batzuk eginda genituelako. Fito ez. Fito han ezagutu genuen.
Helikopteroak noiz iritsi ziren?
EA: Franek, Miguelek eta hirurok hurrengo herria korrika joan ginen, ez baikenekien abisua pasata ote zegoen. Gero esan ziguten baietz. Iritsi ginen herrira. Ordurako bazekiten xerpa pasa zelako. Telefonoa eskatu genien. Eta utzi ziguten baina herrian ez zuten estaldurarik. Beste muino batera joan ginen eta SOS Nafarroa-ra deitu genuen. Eskatu genien ziurtatzeko abisua emana zegoela. Gero Katmanduko xerpen koordinatzaileari deitu genion, eta ordurako aireportuan zen, helikopteroekin abiatzear. Horrek lasaitasun handia eman zigun.
AL: Kontuan hartu behar da ez direla hemengoak bezalako herriak. Txikiagoak dira eta herrien artean ez dago errepiderik. Xendak erabiltzen dituzte. Oinez joaten dira.
EA: Gainera herri horretako neska bat bete betean harrapatu zuen jausiak, eta hil egin zen. Harri batek ibaira bota zuen, eta gero ez dute haren gorpua aurkitu.
Guztiak helikopteroz joan zineten ospitalera?
EA: Txandaka. Zauritu larrienak lehendabizi. Gureak eta hildako neskarekin zebiltzan beste bi neskak, batek buruan zauria baitzuen. Zaurituak eraman ondoren gure bila etorri ziren. Lau-bost orduan denak Katmandun ginen, eta ebakuntza behar zutenei azkar batean egin zieten. Oso azkar. Izugarri eskertuta gaude.
AL: Gorpu geratu zirenak atera zituzten azkenak. Dorgi Lama, Xiri Lama, biak gidariak eta Fito.
Zenbat geratu dira Katmandun?
EA: Zazpi lagun itzuli gara, eta beste zazpi lagun han daude. Lau zauriturik, horietako hiru ospitaleraturik, eta beste hiru zaurituak laguntzen geratu dira. Denak arriskutik kanpo daude. Hiruk zauri larriak dituzte. Pitxiri alta eman diote gaur. Adelari ere alta eman behar diote. Eta geratzen dira Tomas, Arturo eta Ismael, baina han dute familia, eta bertako lagunen bat ere bai.
AL: Ongi etorri zaigu egun batzuk han ematea, denon artean gertatutakoaz hitz egiten, asimilatzen, prozesatzen.
EA: Oso talde polita sortu da. Horrelako gauza batek asko elkartzen zaitu. Harreman bereziak sortzen dira. Halako egoera batetik onik ateratzea gauza handia da.
AL: Suhiltzaile bat eta hiru erizain genituen, eta aseguruetan aritzen den beste lagun bat. Horrek guztiak asko lagundu du. Edurnek itzultzaile lana egin du, gau eta egun.
EA: Bakoitzak ahal zuena egin du. Batzuk bazekiten ingelesez baina gutxiago, eta ebakuntzez hitz egitea ez da erraza. Nik ikastaro trinkoa egin dut.
AL: Kontsula ere han ibili da, buru belarri. Patrick Sandoval. Esan zigun funtzionarioa zela, langilea, eta hor izan dugu goiz eta arratsaldez. Delhin du egoitza, baina baditu lau edo bost herrialde bere ardurapean. Hegazkina hartu eta han agertu zen. Beste legazpiar bat bada han 20 urte daramatzana, Mikel. Eta asko lagundu digu, ingelesez, nepaleraz… Gauza asko argitu dizkigu berak. Koldo Aldaz ere beste talde batekin ari zen trekking egiten, eta erabaki zuen bere zeharkaldia bertan ebhera uztea, eta gure alboan ibili da. Dobhan herriko jendea ere istripua gertatu eta berehala laguntzera etorri ziren.