Onetsi da 2016rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legearen aldaketa

Euskalerria Irratia 2016ko ira. 15a, 13:36
Argazkia: Mikel Aranburu, Ogasuneko eta Finantza Politikako Kointselari.

Zorpetze-muga 3,4 milioi gorago jarri da, eta toki entitateei laguntzak eman ahalko zaizkie hirigintzako planeamendua egiteko edo berrikusteko

Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak 2016rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko urtarrilaren 29ko 1/2016 Foru Legearen aldaketa onetsi du. UPN, Geroa Bai, EH Bildu, PSN, PPN eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta Podemos-Ahal Dugu abstenitu egin da.

Aldaketaren bidez, 1/2016 Foru Legearen 15. artikuluaren erregulazioa osatu eta omisioak zuzendu nahi izan dira, abalak emateari eta mailegu eta abalen gehieneko arrisku bizia zehazteari dagokionez.

Hala, Foru Komunitateko Administrazioak ematen dituen abalen edo gisako beste bermeen gehieneko arrisku bizia 190 milioi euro izanen dela zehaztu da. Enpresa entitate publikoentzat, fundazio publikoentzat eta sozietate publikoentzat, berriz, aurreko ekitaldia bukatzean dagoen gehieneko arrisku bizia 50 milioi handitu ondoko zenbatekoa izanen da.

Gobernuari gehienez ere 800.000 euroko maileguak emateko ahalmena ematen zaio, eta bidenabar baimena ematen zaio Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuari zenbateko horretako mailegua eman diezaion Baluarte Fundazioari.

Bestalde, enpresa entitate publikoek, fundazio publikoek eta sozietate publikoek gehienez ere 30 milioiko maileguak eman ahalko dituzte, Foru Gobernuak aldez aurretik baimenduta eta Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposatuta.

Administrazioak ematen dituen maileguen gehieneko arrisku bizia 90 milioi euro izanen da; eta enpresa entitate publikoentzat, fundazio publikoentzat eta sozietate publikoentzat, berriz, aurreko ekitaldia bukatzean dagoen gehieneko arrisku bizia 30 milioi handitu ondoko zenbatekoa izanen da.

Ezarritako mugen kontaketatik aparte utzi dira, hala mailegu nola abaletarako, BEI-Moderna programaren esparruko eragiketak. Eragiketa horiek Nafarroako Gobernuak baimendu ahalko ditu, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposatuta, eta 65 milioi euroko muga izanen dute. Gehieneko arrisku bizia izanen da aurreko ekitaldia bukatzean dagoen gehieneko arrisku bizia 19,5 milioi euro handitu ondoko zenbatekoa.

2016rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko 1/2016 Legearen 15. artikulu horretan ezarritako mugen kontaketatik aparte utzi dira Nafarroako Gobernuak bere sozietate publikoekin edo sozietate publikoek elkarrekin hitzartzen dituzten mailegu eta abalak.

2016rako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legearen 17. artikulua ere aldatu da, Nafarroako Gobernuari zorpetze-eragiketak egiteko baimena emateko, muga bakarra ezarriz, alegia, 2016ko abenduaren 31ko saldo bizia ez izatea 2016ko urtarrilaren 1eko saldo bizia baino 82.882.000 euro handiagoa. Horietarik 12.900.000 euro enpresa publikoen maileguak berriro finantzatzeko izanen dira; 13.000.000 euro C hepatitisaren tratamendurako botikak finantzatzeko, eta gainerakoa aurreikusitako defizita (BPGd-aren %0,3) finantzatzeko.

Azkenik, 2016rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legearen 39. artikulua aldatu da, toki entitateei laguntza ekonomikoak eman ahal izateko, hirigintzako udal planeamendua egin edo berrikus dezaten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!