Irailaren 22an, Nafarroako eskualde gehienetan, ETB1 eta ETB2 ikusterik izanen da Lurreko Telebista Digitalaren bidez. UPNk dio hori legearen aurkakoa dela, Nafarroako Gobernuak kanalak ETBren esku utzi dituelako lehiaketa publikorik egin gabe.
Haatik, Espainiako Ikus-Entzunezko Komunikazioaren Legeak dio telebista publikoei kanalak emateko ez dela lehiaketa publikorik egin behar. Are gehiago, bideoan ikus daitekeenez, Barcinaren gobernuko eledun Juan Luis Sanchez Muniainek hala azaldu zuen Nafarroako Parlamentuan, 2012an egindako agerraldi batean. Honatx Sanchez de Muniainek hitzez hitz esandakoa:
“Zer dio legeak? Bada lizentziak hutsik geratzen diren unean, gobernuak ofizioz deitu behar duela horiek esleitzeko lehiaketara, gehienez hiru hileko epean. […] Lizentzia lehiaketa hau ezin da nahasi Euskal Autonomia Erkidegoko edo beste edozein erkidegotako telebista kanal publikoen emisioekin. Jakina denez, telebista publikoek ez dute jarduten lizentzien sistemaren pean. Telebista publikoek beste lege-erregulazio bat dute. Eta ongi dakizunez, orain arte ETBrentzat bidea Nafarroako Gobernuak eta Euskal Autonomia Erkidegokoak sinaturiko akordioa da. Eta horrek ez du zerikusirik lizentzien erregimenarekin. Lizentziak, logikoa denez, emisio komertzialak egiten dituzten kanalentzako dira”.
Bi artikulu
Sanchez de Muniainek aipatzen duena Espainiako Ikus-Entzunezko Komunikazioaren Legea da. Eta zehazki 40.2 y 40.4 artikuluetan oinarritzen da dioena esateko.
Hona hemen 40.2 artikuluak hitzez hitz dioena: “Erkidego autónomo bakoitzean dagokion erakundeak erabakiko du erreserbaturiko multiplex digitalen barruan zein kanal autonomiko erabliko dituen telebista digitaleko zerbitzu publikoak eta zein kanal erabiliko dituzten lizentziapeko empresa pribatuek”.
Honatx 40.4 artikuluaren edukia, literalki: “Erkidego eta hiri autónomo baten lurreko uhin heritzianoen bidezko ikus-entzunezko zerbitzu publikoa, antzekotasun kultural eta linguistikoak dituen alboko beste batean emititu ahal izanen da, biek hitzarmen baten bidez hala adosten badute, eta erreziprokoa bada”.