"Gobernuak legea hautsi du ETBri mesede egiteko". UPNk kaleratutako prentsa oharrean jasotako kexa da hori. Prozesua "ilegaltasunez, faltsukeriaz eta ezkutatzeak josia" dago erregionalisten aburuz: "Euskal telebista publikoari eman diote lizentzia, gainontzeko operadoreak aurkeztea ekidinez".
PPk ere lehiaketa publikoa galdegin du. Dioenez, "ados" dago ETBren emisioarekin, "beti ere, legearen barruko bada eta Nafarroako operadoreak ez baditu kaltetzen".
Legeak babesten du
Esanak esan, Ikus Entzunezko Lege Orokorrak arrazoia ematen dio Nafarroako Gobernuari: legezkoa da ETBk Nafarroan emititzea. Legearen bi puntutan dago gakoa: 40.2an eta 40.4an.
Lehenengoan, espazio erradioelektrikoak erreserbatzea legezkoa dela dio; bigarrengoan, "identitate kultural eta linguistikoa bera duen komunitatearen kanala" emititzea zilegi dela, "bi aldeek hala nahi izanez gero".
Nafarroak biak betetzen ditu, izan ere, indarrean dago EAErekin ETBren emisioa bermatzeko sinatutako hitzarmena.