Santo Domingo aldapara eramanen dute San Fermin Txikiko jai gunea

Euskalerria Irratia 2016ko irailaren 14a

Auzokoei eragozpen gutxiago eragitea eta Nabarreriako jende samalda arintzea dira Jai Batzordearen helburuak.

Santo Domingo aldapako Baratzeen parkean jarriko dute aurten auzogunea, Hezkuntza Departamentuaren pareko aparkalekuan. Karpa handia jarriko dute, eta han eginen dituzte kontzertu nagusiak.

Alde Zaharreko Jai Batzordeko ordezkariek azaldu dutenez, “helburua Nabarreriako jende samalda arintzea da, azken urteotan ingurua txiki geratu da eta”. Gainera, “etxebizitzarik gabeko ingurua denez, auzokoei eragiten zaizkien eragozpenak nabarmen murriztuko dira”.

Nabarrerian, Caldererian eta San Nicolasen ere ekitaldiak eginen dituzte, baina gaueko hamabiak arte soilik. Ordutik aurrera, kontzertu eta berbena guztiak Santo Domingon eginen dituzte. “Alde Zaharrean zarata eta eragozpen ugari pairatzen dugu asteburu guztietan. Gure helburua da aisialdia eta atsedena hobeki uztartu ahal izatea”, azaldu dute.

Aurten irailaren 23tik 25era eginen dituzte San Fermin Txiki festak. Jai Batzordeak 150 ekitaldi antolatu ditu. Besteak beste, Edadetuen Krosa, Irrintzi lehiaketa, 400 lagunentzako herri bazkaria, emakumezkoen pilota txapelketa, artisautza azoka eta argazki lehiaketa. Karpan 200 boluntario ariko dira lanean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!