Frankismoak errepresaliatutako irakasleak omendu ditu Nafarroako Gobernuak

Euskalerria Irratia 2016ko irailaren 13a

Argazkia: Frankismoaren eraildako irakalseen aldeko omenaldiko une bat. / @RubenMarcilla

1936ko kolpean eta diktaduran jazarritako 300 irakasle eta ikuskatzaileen aldeko ekitaldia egin zuten larunbatean, San Jose plazan, senideak bertan zirela.

1936tik aurrera, "disidentzia guztia ezabatu" nahi izan zuten, baita langile publikoen artean ere; "garbiketa" izan zen, Uxue Barkos Nafarroako presidentearen aburuz. Horregatik, estatu kolpearen eta frankismoaren ondorioz jazarritakoak gogoan izan zituzten iragan larunbatean, Iruñean. San Jose plazan egindako ekitaldian, hezkuntzako 300 langileri egin zieten aitortza, 288 senideen begirada hunkitu pean. Denen izenak grabatuta dauzkan plaka ipini zuten irakasle eskola zaharraren atarian.

Ekitaldian, bost errepresaliaturen senideek hitza hartu zuen, aitortza eskertu asmotan. "Omenaldia azken 80 urteetan gertatutako onena da". Irakasleetako baten semeak ahoskatutako hitzak dira. Ekitaldiaren giroarekin bat egin zuen adierazpenak, emozioa izan baitzen nagusi, batez ere hildako 33 lagunak oroitzerakoan.

"Omenaldia azken 80 urteetan gertatutako onena da"

"Hezkuntza, jakintza.... horiek izan ziren errotik erauzi nahi izan zituztenak", esan zuen Abel Zabalza, eraildako irakasle baten semeak, frankismo garaiko urte latzak akorduan. Marisa Navarro beste irakasle baten alabak, bestalde, omenaldian jarri zuen arreta: "justizia" lortzea zela aipatu zuen.

Ez zeuden denak

"Egia, justizia eta erreparazioarekin" konpromisoa azaldu zuen Barkosek, exekutiboaren ordezkari gisa, eta Joseba Asiron Iruñeko alkateak azpimarratu zuen omenaldia "aldaketaren adierazlea" dela.

Sa Jose plazan, ugariak ziren Iruñeko Udaleko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak, nolanahi ere, ez zeuden alderdi guztietako kideak, eta hori jarri nahi izan zuen erdigunean presidenteak: "ekitaldiak oraindik ez dira ahobatezkoak". Horregatik, "bizikidetza errealaren" aldeko aldarria egin zuen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!