EH Bilduk, Ahal Duguk, PSNk eta Ezkerrak uko egin diote legea moldatzeari, baina, Geroa Bairen aburuz, legea "hobegarria" da. Nolanahi ere, oraindik ez dute jakinarazi zer den moldatuko dutena.
Foruzaingoaren 30 buruk uko egin diote postuari, eta dimisioa aurkeztu dute proposatutako lanaldiekin eta soldatarekin ez daudelako ados.
Zer aldatuko da?
Oraindik zirriborro bat baino ez da Polizia Legea; zirriborro hori aski izan da, baina, hautsak harrotzeko. Zenbait lanaldi moldatzea eta soldata aldaketak proposatu ditu: 796 agenteri handitzea du xede eta murrizketak egitea 266ri. Soldata handitzeak 2 eta 1.559 euro artekoak izanen dira, sailaren eta kategoriaren araberakoak; jaitsierak, berriz, 66 eta 4.447 euroak. Horren aurrean, 30 foruzainek postuari uko egin diote. Beaumontek, ordea, halakorik ez dela gertatuko esan du.
Kontseilariak argitu du 30 pertsona horiek ez diotela beren lan zereginei iskin eginen, baizik eta postu berriak hartzeari. "Lasaitasuna lortzen dugu edo ez da erraza izanen", zehaztu du.
"Gastu bat dago gobernuak Foruzaingoari ordaintzeko daukan portzentajean, eta hori birbanatu behar da; beraz, ondorioztatu daiteke foru polizien soldatak jaitsiko direla". Kontseilariarenak dira hitzak.