Foruzaingoko buruek bilera erronda eginen dute alderdiekin

Euskalerria Irratia 2016ko irailaren 7a

Polizia Legearen zirriborroak lanaldi eta soldata aldaketak jasotzen dituela ikusita, kontra azaldu dira kargua utzi duten buruak eta proposamena berraztertzeko proposatu dute.

Kargua utzi dute Foruzaingoko 30 buruk Polizia Legeak soldata jaitsierak eta lanaldi kaxkarragoak ezarriko dituela sinetsita; orain, bilera errondari ekinen diote parlamentuko taldeekin, proposamen berri bat negoziatzeko.

Urriaren 1ean sartuko da indarrean Polizia Legea, aitzitik, hori gertatu aurretik, moldaketak nahi dituzte zenbait foruzainek. Poliziaren Elkarte Profesionalak, esaterako, ikerketa kaleratu du, eta, haren aburuz, Foruzaingoak gainontzeko Poliziek baino "baldintza txarragoak" dauzka. "Zein polizia eredu nahi duten pentsatu beharko lukete". Aholku hori eman dio elkarteak exekutiboari, kritika alboan utzi gabe.

Gaur eginen du Barne Sailak behin betiko proposamena, aurreko lege proposamenari poliziek egindako helegiteak aintzat hartuta.

Zer aldatuko da?

Oraindik zirriborro bat baino ez da Polizia Legea; zirriborro hori aski izan da, baina, hautsak harrotzeko. Zenbait lanaldi moldatzea eta soldata aldaketak proposatu ditu: 796 agenteri handitzea du xede eta murrizketak egitea 266ri. Soldata handitzeak 2 eta 1.559 euro artekoak izanen dira, sailaren eta kategoriaren araberakoak; jaitsierak, berriz, 66 eta 4.447 euroak. Horren aurrean, 30 foruzainek postuari uko egin diote. Beaumontek, ordea, halakorik ez dela gertatuko esan du.

Kontseilariak argitu du 30 pertsona horiek ez diotela beren lan zereginei iskin eginen, baizik eta postu berriak hartzeari. "Lasaitasuna lortzen dugu edo ez da erraza izanen", zehaztu du.

"Gastu bat dago gobernuak Foruzaingoari ordaintzeko daukan portzentajean, eta hori birbanatu behar da; beraz, ondorioztatu daiteke foru polizien soldatak jaitsiko direla". Kontseilariarenak dira hitzak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!