Maria Solana izanen da gobernuaren eledun berria

Euskalerria Irratia 2016ko irailaren 7a

Maria Solana parlamentuan, gibelean UPNko buru Javier Esparza duela. (Argazkia: Nafarroako Parlamentua).

Gobernuaren ahotsa izateaz gain, gobernuaren eta parlamentuaren arteko komunikazioaz ere arduratuko da.

Solana (Iruñea, 1975) kazetaria da, EAJko kidea eta Geroa Baiko parlamentaria, baita Euskalerria Irratiko solasaldi politikoko ohiko kidea ere. Foru gobernuaren bozeramailea izanen da aurrerantzean, baina kontseilaria izan gabe, ardura exekutiborik hartzeke. Egitura administratiboan, zuzendari nagusi maila izanen du.

Legealdia hasi zenetik, Solanak pisu handia izan du Geroa Bairen talde parlamentarioan. Eta taldeak eta gobernuko zenbait kontseilarik jarrera kontrajarriak mantendu dituzte zenbait gai garrantzitsutan. Esate baterako, Nafarroako Klinika Unibertsitarioaren hitzarmenaren aferan. Eledun postuaz jabetzeko, Solanak parlamentari izateari utzi beharko dio.

Orain arteko bozeramaileak, Ana Ollok, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria izaten segituko du, baina jada ez ditu azalpenak emanen gobernuaren lan saio bakoitzaren ondotik.  

Modu honetan, Barkosen exekutiboak komunikazioa indartu nahi du. Legealdia hasi zenetik, hainbat kritika jaso ditu haren politika komunikatiboa dela kausa, konparaziora, Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoaren auzian. Krisi hori berbideratzeko ahaleginetan protagonismo handi samarra hartu zuen Solanak, parlamentuko batzordeetan zein Mendoza kontseilariak hezkuntzako eragileekin egindako hainbat bileratan parte hartuz.

Aldaketaren gobernua sostengatzen duten lau indarrei atzo eman zieten Solanaren izendapenaren berri, eta laurok onespena eman zioten.

Uxue Barkos lehendakariak ekainean Euskalerria Irratian iragarri zuen gobernuan aldaketak eginen zituela, kontseilariak ukitzeke. Lehen mugimendua Hezkuntza sailean egin zuen, Estebe Petrizan eta Juan Ramon Elorz zuzendari nagusiak kargugabetuz eta Roberto Perez eta Nekane Oroz izendatuz. Solanarena bigarrena izan da. Eta gehiago egitea espero da.  

Parlamentuan, Rafa Eraso, Ribaforadako Geroa Baiko zinegotzia, izanen da Solanaren ordezkoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!