Sutea bart arratsean piztu zen, Xabier inguruko zuhaizti batean, eta gauerdirako kontrolatu zuten. Suhiltzaileek gau osoa eman dute perimetroa erabat itzali nahian, eta inguruak urez freskatzen.
SOS Nafarroak 21:17an jaso zuen sutearen berri eman zion deia: Xabier inguruko zuhaizti batean piztua zen, Esarako norabidean, eta bi fronte zituen. Haizeak indar handi samarrarekin jotzen zuen, eta ilunabarrean ezin zuten hegazkinik erabili.
Gauzak horrela, suhiltzaile asko mobilizatu behar izan zituzten: Zangoza, Nabaskoze, Tafalla, Cordovilla eta Azkoiengo parkeetako agenteak bertaratu ziren, eta Zaragozako Ejea de los Caballeros eta Sos del Rey Catolico parkeetako suhiltzaileei ere laguntza eskatu zieten.