Molaren eta Sanjurjoren gorpuzkiak Erorien Monumentutik aterako dituztela izan da notizia azken egunotan. Ez dira, baina, desobiratuko dituzten pertsona bakarrak. 1938an Ezkabako espetxetik ihes egindako hiru gizonen arrastoak Usetxin aurkitu ditu Aranzadi elkarteak eta ateratzen ari da. Horiek ez daude eraikin ofizial batean, baizik eta hobi batean. Identifikatu gabe.
Maiatzak 22 zituenean egin omen zuten eskapo iheslariek presondegitik. Egozkueko gainera zihoaztela atzeman, eta Usetxin exekutatu zituzten.
Akordioaren fruitua
Nafarroako Gobernuak eta Aranzadi zientzia elkarteak sinatutako hitzarmenaren emaitza da gorpuzkiak lurpetik ateratzea; izan ere, 1936ko kolpe militarraren ondorioak ikertu eta dokumentatzeko akordioa adostu zuten bi aldeek ekainean.