Nekane Oroz eta Roberto Perez sartuko dira Hezkuntza Departamentuko zuzendari karguetan, Juan Ramon Elorzen eta Estebe Petrizanen ordez, hurrenez hurren. Eta horiek ez dira mugimendu bakarrak izanen, Exekutiboak aurreratu duenez.
Dena dela, ez dago arazorik, "une egokia" da eta; hala, "aldaketek ez lukete inor harritu behar", Ollok dioenez. Era berean, Javier Lakarra idazkari teknikoa ere karguan ez dela egonen jakinarazi dute.
"Izendatu ditugun pertsonak zuzendaritza taldeetakoak dira eta oso ongi ezagutzen dute Departamentuan egindako lana, aktiboki parte hartu dute horretan, eta Hezkuntza kontseilariak uste du momentu honetan beharrezkoa den jardun aktiboa izanen dutela", esan du Ollok.
Halaber, orain arte egon diren langileen lana eskertu du, eta Lan Eskaintza Publikoa sustatzen, PAIren ebaluazioa hauspotzen eta D eredua zabaltzen egindako eginahala goraipatu du.