[Lerrooi atxikitako bideoa atzokoa da. Whatsapp bidez zabaltzen ari da. Ez dugu egiletza zehazterik izan]
“Perimetroa egonkortuta dago, eta ez da gutxi. Erabateko kontrola lortzeko lehen fasean gaude”. Hala mintzatu da Uxue Barkos foru lehendakaria Puiun, sutearen kontrol zentroan.
Suteak uneotan 12 kilometroko perimetroa du, eta lanik handiena hego frontean dute: Artaxona, Mendigorria eta Añorbe aldean.
Barkosen arabera, sutearen aurkako lanean atzoko bitarteko berberak erabiltzen ari dira. Gau osoa lanean eman dute Nafarroako suhiltzaileek eta basozainek zein Espainiako Armadaren Larrialdietarako Taldeak, bai eta hainbat boluntariok ere. Denei eskerrak eman dizkie lehendakariak.
Halaber, Nafarroako Gobernuaren hiru helikoptero eta Espainiako Gobernuaren hiru hegazkin txiki eta bi ur-hegazkin ari dira errefigerazio lanetan. Espero da aurki Valentziatik etorritako beste ur-hegazkin batek haiekin bat egitea.
Suteak eragindako eremu guztia ez dago erreta, eta hartara oraindik goiz da kalteak behar bezala kalkulatzeko. Nolanahi ere, 2.700 edo 3.000 hektarea erre ditu, eta azken 30 urteotako handiena izan da.
Sua A15eko autobidean auto batetik botatako zigarrokinak piztu zuen ikertzen ari da Foruzaingoa. Baina ez dituzte bestelako aukerak baztertzen. Konparaziora, auto batek sorturiko txinparta batek eragin izana.
Lerrooi atxikitako bideoa whatsapp bidez zabaltzen ari dira, eta ez dugu izan egiletza zehazterik. Javier Domiguez twitterlariak berak hala dio bere txioan.