Bi iruindar atxilotu zituzten herenegun Grezian, migratzaileentzako etxe okupatu bat hustean. Europar Batasunaren migrazio politika "kriminalak" salatu dituen karabanarekin joan ziren biak Greziara, eta atzo geratu ziren aske, epaile aurretik pasa ostean. Libre geratu ostean, Euskalerria Irratiarekin mintzatu da Itziar Bardaji.
Migratzaile eta errefuxiatuei aterpe ematen zieten hiru etxe okupatu hutsarazi zituzten Thessalonikin. Zuek hor zeundeten. Nolakoa izan zen atxiloketa?
Thessaloniki hirian hiru etxe okupatu desalojatu zituzten aldi berean, operazio koordinatu batean, hain zuzen ere, migratzaileentzako etxea eskaintzen zuten hiru eraikin horiek. Gu horietako batean ari ginen gaua pasatzen, laguntzearren eta proiektua ezagutzeko, eta utzarazteak harrapatu gintuen.
Epaile aurretik pasa eta gero, aske utzi zaituztete orain. Zein baldintzatan?
Hiru etxeak modu ezberdinean epaituak izan dira. Batek epaiketa izan du, eta lau hilabeteko atxiloketa-edo izanen dute auzipetutakoek, eta suspentsioan geratu da, ez dira kartzelara sartuko. Beste bi etxeetako epaiketa ez da izan, ez zituztelako itzultzaileak aurkitzen horren denbora gutxian.
Atxilotuak izan eta gero, zuen auziaren inguruko zein aurreikuspen egiten duzue?
Badakigu ez dela gauza larria izanen, eta ez dugula isunik ordaindu beharko, ezta kartzelan sartu beharko ere. Kanpotar asko zeuden gure taldean; epaiketa egin da, gehienbat, greziarrak zeuden talderen kontra.
Internet bidez salatu dute hiru etxe okupatuak hustuta, errefuxiatuentzako botika eta arropa ugari galdu dela.
Etxe okupatuetako batean pasa zen, ez bakarrik desalojatu, bota egin zuten. Thessalonikiko mugimendu soziala antolatu egin da errefuxiatuei duintasuna itzultzeko, kristoren proiektu interesgarriak egiten ari ziren.
Errefuxiatuak eta herritarrak elkarlanean ari ziren, berdintasunean, laguntzaile eta lagundu sistema horren gainetik, baina gobernuak erabaki du hori gelditu behar dela. Azkenean, errefuxiatuen zelaiei alternatibo bat zen herriak berak egina eta antolatuta. Migratzaileak ere subjektu bezala ipintzen zituena; berriro ere ikusten dugu estatuak ez duela baimentzen herriak egiten duena.
Greziara joandako elkartasun karabanan ere izan zara. Nola ikusi duzu bertako egoera?
Errefuxiatu zelaietan egoera latza da. Bizi egoerak ez dira minimora iristen. Blokeatuta daude. Karabana egin genuen salatzeko Europar Batasunaren politikak, bai errefuxiatuentzat, bai migratzaileentzat ere. Pertsona horien mugimendu askatasuna ez da errespetatzen.
Orain tentsioa dago. Hiru eraikuntza horren utzaraztearengatik. Gainera, atzo jakin genuen zelai batean emakume bat hil zela, medikuen laguntza ez zelako iritsi; anbulantziak bi ordu behar izan zituelako iristeko. Orain, egoera nahiko tentsionatuta dago.