Herrien ikurrak defendatu lelopean, 11:00etan aterako da kalejira Nabarreriatik, ikurrina udal plazan egonen dela ziurtatzeko. Horrez gain, era ofizialean ez bada ere, udalean jarriko ote duten zalantza dago. Iaz, Greziako bandera ipini zuten balkoian, elkartasun keinu bezala, ez mastan gainontzeko ikurrekin bat; ikurrinarekin antzeko zer edo zer gerta litekeela aipatu izan dute askok. Egotea, baina ez ikur ofizialekin batera.
Udalak sententzia beteko du
Politikarien artean, denetariko iritziak daude. Joseba Asiron (EH Bildu) alkateak esan du men eginen diola sententziari, ados ez dagoen arren, eta Ikurren Legearekin amaitzeko deia zabaldu du: "Ahalik eta eperik laburrenean, eta ahalik eta arintasun handienarekin, legislazio honen inguruko eztabaidari eutsi behar zaio, polemika, amorru eta talka iturri baita". Haren aburuz, legea moldatzeak "politika eta kulturaren normalizazioan" lagunduko luke, "sakondu" eginen luke.
Barkosek ere "guztiz" jarraituko du epaia
Nafarroako Gobernuko buru Geroa Baik ere Ikurren Foru Legea "berrikusi" egin behar dela azpimarratu du, eta "hiritarren gehiengoaren borondatearekiko aproposagoa eta begirunetsuagoa den lege bat" garatzearen alde azaldu da. Nolanahi ere, Auzitegi Nagusiaren epaia beteko du. Uxue Barkos lehendakariak bide horretatik jo du, "guztiz" beteko du eta sententzia. Betetzeak, ordea, ez du esan nahi alde dagoenik, eta hori ere jakinarazi du.
Araiz: "Seguru aski presentzia ezin izan da ofiziala izan"
"Seguru aski [ikurrinaren] presentzia ezin izanen da ofiziala izan", zehaztu du EH Bilduko parlamentari Adolfo Araizek. "Sinboloak pertsegitu nahi dituzten horiek" pozik egonen direla aipatu du, halaber, Ikurren Legea aldatu egin behar dela aldarrikatzearekin bat.