Aldaketa indartzeko PSN "oso ongi etorria" litzatekeela esan du Barkosek

Euskalerria Irratia 2016ko ekainaren 24a

Argazkia: Uxue Barkos presidentea parlamentuan.

"Aukera aurrerakoia" indartzeko PSNren botoen alde azaldu da Nafarroako lehendakaria, "elkar ulertzea" eskertuko lukeela esatearekin bat.

Nafarroako Parlamentuan lauko gobernua kritikatu du PSNk, lan gutxi egin duela salatuz, eta horri erantzunez mintzatu da Barkos. Eskua luzatu die sozialistei, "aukera aurrerakoia" osatzerakoan gobernua sostengatu dezaten, ulermenera iristea "oso ongi etorria" litzatekeelako, haren aburuz. Halaber, Maria Txibiteri (PSN) eskatu dio "proposamenak egiteko jarrera" izan dezan, eta solaserakoa.

"Esan diezagukete gauzak ongi ala gaizki egin ditugula, ez dituztela akordio programatikoan jasotakoak konpartitzen edo egin dugun kudeaketaren inguruan eztabaidatu dezakete, baina ezin digutena esan da ez dugula lanik egin; uste dut lan egin dugula, asko eta ongi", esan du Barkosek.

PSNk, aldiz, "aldaketa txikiaren gobernua" izendatu du nafar exekutiboa, "geldialdiaren, opakutasunaren eta eztabaida faltaren" agintaritza izan delako. "Barkosek haren bidaideak aukeratu zituen, eta hauek dira ondorioak urtebete geroago", salatu du Txibitek, eta keinu txiki bat egin dio Barkosi, "beste gehiengo batzuk" bila ditzala iradokiz.

EH Bilduko Adolfo Araizek aldiz esan du "aldaketan argi baino itzal gehiago" daudela, eta PSNri leporatu dio "irrelebantzia politikoa jarrera positiboz mozorrotzea". Are urrutiago joan da: "Positiboa izan zen aldaketa ez egotea PSNren esku, haren historia aldaketa zapuztea baita".

Laura Perezek (Ahal Dugu) Araizek hartutako bide bera hartu du: "irribarrea eta ilusioa" sortzen dio "aldaketa handia sortu izanak, UPN, PSN eta PP gabe".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!