Inbertsio gehiago egiteko aukera du Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2016ko ekainaren 22a

>5,2 milioi euro gehiago bideratuko ditu inbertsio berria egiteko.
>UPNren udal gobernuaren aurrekontuak berrikusita, 14 milioi euroko superabita gelditu zela ohartuta, inbertsio berri horiek egiteko aukera dago.
>Bide gorriak ondu, zoruak egokitu, ikastetxeak eraberritu edota  autokarabanentzako toki bat prestatu, besteak beste.

Aurrekontuetan aldaketak egiteko proposamena jarri du mahai gainean Iruñeko Udalak. 5,2 milioi euro gehiago bideratuko ditu inbertsio berria egiteko.

UPNren udal gobernuaren aurrekontuak berrikusita, 14 milioi euroko superabita gelditu zela ohartuta, inbertsio berri horiek egiteko aukera dagoela nabarmendu du Iruñeko alkate Joseba Asironek.

Zertan eginen dituzte inbertsio berriak? Bada, ikasturte honetan udalak egindako hamahiru auzo-eztabaidaguneetan herritarrek egindako eskaerak eramanen dituzte aurrera.

Besteak beste, bide gorriak ondu, zoruak egokitu, ikastetxeak eraberritu, autokarabanentzako toki bat prestatu edota Santo Domingo inguruan dagoen lur sail batean ikerketa bat abiatu etorkizunean aparkalekua sortzeko aukera baden aztertzeko.

Zenbat eta zertan inbertituko dute

Zenbat eta zertan inbertituko duten esaten hasita, nabarmenduko dugu: 1,5 milioi euro zoladura, argiztapena, parkeak eta hiriko higigarrietarako; ikastetxeetan 334.000 (Azpilagañan, Ermitagañan, Patxi Larraintzarren, San Juan de la Cadenan eta Vazquez de Mellan); bide gorrietarako ia 900.000 euro (Barañain, Pio hamabigarrena, Kostalapea-SanLorenzo); 300.000 udalarenak diren etxebizitzak eraberritzeko eta 250.000 euro Trinitarioetan Carabanentzako tokia sortzeko.

Beste 2,1 milioi euro 2013 eta 2014ko, atzeratutako hirigintza kuotak ordaintzeko eta gainerakoa, zorraren amortizaziorako bideratuko dute.

Udal Gobernua babesten duten lau alderdiek adostutako inbertsio sorta dela ere nabarmendu dute. Uztailaren 4ko osoko bilkuran onestea espero dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!