"Herrikoiagoak, parte hartzaileagoak, anitzagoak izanen dira aurtengo sanferminak, herritik herriarentzat sortutako programa prestatu du aurten Iruñeko Udalak", hala nabarmendu du Kultura zinegotzi Maider Belokik. Iazkoarekin alderatuta %3,5 hazi da aurrekontua, gehiena, festan ariko diren langileei bideratua, hiri segurtasunaz arduratuko direnei eta zaborra biltzen ariko direnei: guztira 1,95 milioi euro izanen dira 410 ekitalditan banatuak.
Plazetan izaten diren ekitaldietan, guztietan, daude nobedadeak. Foruen plaza gazteei bideratutakoa izanen da eta musikak hartuko du protagonismoa; Konpainia plazan jazza; Gazteluko plazan dantzaldiak; Antoniuttin munduko musikak eta erritmoak; Gurutzeko plazan banden musika eta Sarasate pasealekuan jotak, bertsolariak eta dantzariak.
Askatasun plazan eta karlos hirugarrena etorbidean haurrentzako ekitaldiak areagotuko dituzte. Kale animazioa, antzezlanak, musika, kalejirak… izanen dira nagusi.
Egitaraua astelehenetik eskuragarri
Belokirekin batera Edmundo Irujo izan da agerraldian. Artworks enpresako kidea da eta aurtengo programa diseinatzeko ardura izan du. Kolorez betetakoa da. Sanferminak zer diren adierazteko aukera baliatu dute. Nola egiten da hori? Bada, Irujorentzat zaila da bertatik bertara sanferminak bizi ez dituenari kontatzea, baina, modu berezia aurkitu dute. Iruñeko txoko desberdinetako zoruak, lurrak irudikatu dituzte. Horietan, jendearen oinak agerian daude. Alkatearenak udaletxeko moketa gorriaren gainean, dantzariarenak Foruen plazako adokinean edo sanferminetako azken eguneko zapatila erabiliak ikus daitezke.
Guztira 14.000 ale argitaratuko dituzte, elebidunak. 63.000 izanen dira poltsikoko programa tolesgarriak. Bi euroan jarriko dituzte salgai astelehenetik aurrera: tonbolan, turismo bulegoetan eta liburu-dendetan.