"Erabakiaren aroa" bataiatu du Gure Esku Dago ekimenak orain astebete 34 herritan independentziari buruz galdetuta hasitako hori. Eta orain zabal dadin du xede.
Nafarroako iparraldeko eta mendebaldeko hamabost herritan jarriko dituzte hautetsontziak herritarren iritzia biltzeko: Lesakan, Beran, Etxalarren, Igantzin, Arantzan, Altsasun, Bakaikun, Lakuntzan, Larraunen, Lekunberrin, Leitzan, Areson, Araitz Betelun, Goizuetan eta Aranon.
Aurtengo udaberrian bertan ekinen diote bideari Bakaikun: orduantxe gauzatuko dute. Gainontzeko herriek zain egon beharko dute, heldu den urteko udaberrian izanen dute botoa emateko aukera.
Nafarroa ertz askotarikoa dela jakitun, "prozesu adostua" izanen dela iragarri du Arkaitz Zapata Gure Esku Dago ekimeneko kideak. "Erabakiaren aro hau lurralde osora hedatu ahala, pentsatzekoa da galdera ezberdinak proposatuko direla, bide ezberdinak landuko direla eta emaitza ezberdinak izanen dituela".
Horrez gain, Bizkaiko zazpi herritan ere eginen dituzte galdeketak. Bestalde, Eskuen Eguna ospatuko dute Irun, Hendaian eta Hondarribian.