Aldaketaren erradiografiak

Iñaki Iriarte: "UPNn hegemonia galdu genuen duela anitz, eta ohartu gabe"

Euskalerria Irratia 2016ko eka. 8a, 11:21

"Ausartzen ari gara planteatzen debate bat euskararen lekuaren inguruan, eta, gainera, jendea mehatxatu gabe, nehori kotxea erre gabe", esan du UPNko parlamentari Iñaki Iriartek.

Aldaketak urtebete bete duen honetan, UPNko parlamentari Iñaki Irarte izan da Euskalerria Irratian, eta Juan Kruz Lakasta kazetariaren galderei erantzunez Nafarroako egoeraren erradiografia osatu du.

"UPNn hegemonia galdu genuen duela anitz, eta ohartu gabe. UPNtik ez ziren kapazak izan hori ikusteko"

"UPNn hegemonia galdu genuen duela anitz, eta ohartu gabe. UPNtik ez ziren kapazak izan hori ikusteko. Denbora gehiago behar dugu ikusteko zein puntutaraino hauteskundeak diren iritzi publikoa neurtzeko formarik onena. Zuhurra naiz, bakoitzak interpretatzen du inguruan duena", esan du erregionalisten osasunari buruz.

"Denbora gehiago behar dugu ikusteko zein puntutaraino hauteskundeak diren iritzi publikoa neurtzeko formarik onena"

Euskalerria Irratian gobernuak "aldaketak" egonen direla iragarri du Barkos presidenteak, zenbait goi kargu kargugabetuko dituztela. "Aurreikus" zezakeela esan du Iriartek. "Lehenbiziko gobernua hasi zenean, ematen zuen mantentzera zihoazela aurreko ekipotik zenbait jende, baina iruditzen zait normala, aurreikusgarria eta logika politikoaren barruan dagoela".

Euskara ere mintzagai izan du Iriartek: "Agian, euskara exijitu beharko litzateke postu batzuetarako, zonalde horietan non gehiengoa euskaraduna den, baina, aldi berean, aintzat hartu behar dira gehiengo erdaldunaren eskubideak". Lanpostuaren arabera eskatu beharko litzateke euskara ezagutza, haren aburuz: "Euskaraz irakasteko normala da euskara eskatzea, baina hain ulergarria iruditzen ez zaidana da euskara bihurtu izana lan baimen". Administraziotik at gera daitezkeen erdaldunak izan ditu gogoan: "Arriskutsua da gehiengo erdalduna baztertzea administraziotik".

"Agian, euskara exijitu beharko litzateke postu batzuetarako, zonalde horietan non gehiengoa euskaradunak den, baina, aldi berean, aintzat hartu behar dira gehiengo erdaldunaren eskubideak"

"Talkak eta desadostasunak normaltzat hartu beharko genituzke. Komunitate batean existitzen direnean bi hizkuntza, normala da pertzepzio ezberdinak izatea baloratzeko formaz", adierazi du. 

UPN euskararen kontrako diskurtsoa haizatzen ari ote den galdetuta, ezetz uste du parlamentariak. "Ez dut uste gatazka linguistiko bat sortzen ari garenik; ausartzen ari gara planteatzera debate bat euskararen lekuaren inguruan, eta gainera jende mehatxatu gabe, nehori kotxea erre gabe".

"Ausartzen ari gara planteatzera debate bat euskararen lekuaren inguruan, eta gainera jende mehatxatu gabe, nehori kotxea erre gabe"

¡Qué vienen los vascos! esaldia erregionalisten ahotan ote dagoen itaunduta, "klixea" dela deritzo. "Ez dakit UPNtik norbaitek hori horrela esan zuen. Agian klixe okerra da. Nafar gizarteari esan behar diogu hemen kabitu behar garela, Nafarroa askotarikoa dela, espainiarrak ez garela arrotzak Nafarroan".

"Nafar gizarteari esan behar diogu hemen kabitu behar garela, Nafarroa askotarikoa dela, espainiarrak ez garela arrotzak Nafarroan"

Ikurrina udaletxeetako balkoietan paratzeaz ere mintzatu da."Oso kritikoa izan naiteke ikurrinaren presentziarekin, baina sektore batzuetatik ikurrina oso maitatua da, eta iruditzen zaie ikurrina kritikatzean era euskal kultura kritikatzen dela. Gure kritikak ikusten dira oso zorrotzak balira bezala, baina ez da hainbesterako".

Zehaztapen bat egin du gai berari tiraka, galdera erretorikoa jarri du mahai gainean: "Zuk admititu zenuke AEB hegoaldeko estatu batean biziko bazina, iparraldeko bandera? Ikurrina bada alderdi politiko baten bandera. Zein tokitan alderdi politiko baten bandera bihurtu da nortasun edo talde kultural baten bandera. Ez da oso osasungarria?"

"Zein tokitan alderdi politiko baten bandera bihurtu da nortasun edo talde kultural baten bandera. Ez da oso osasungarria?"

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!