Garapen iraunkorra hizpide, Parlamentuan

Euskalerria Irratia 2016ko ekainaren 3a

Adituak izanen dira garapen iraunkorraren helburuak zeintzuk diren aztertzen. 150 entitate sozialetik gora izanen dira asteartean parlamentuan eginen den jardunaldian.

Garapen Iraunkorraren Helburuak finkatu eta horiek lortzeko bideak zeintzuk diren aztertuko dute heldu den astean Nafarroako Parlamentuan. Guztira 150 entitatek hartuko dute parte.

Baina zer da zehazki garapen iraunkorra? Bada, ondorengo belaunaldien garapena eragozten ez duena, baliabide naturalen eta ondarearen kalitatea eta kantitatea zentzuz kudeatzen duena. Xedea, aurrerapen ekonomikoa, bidezko gizartea eta ingurumenaren babesa uztartzea da.

Horiek guztiak hizpide izanen dituzte astearean Parlamentuan antolatu diren jardunaldietan. Goizeko bederatzi terdietan hasi eta goiz osoan ariko dira garapen iraunkorra lortzeko lanean ari diren adituak. Ainhoa Aznarezek gaur arrera egin dien Nafarroako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeko kideei.

Garapen Iraunkorrean aurrera egiteko, gizartearen pentsamoldea aldatzea pausoetako bat litzateke. Guztioi eragiten digulako eta beste modu batean ekiteak onuragarria litzatekeelako.

Mundu mailako hausnarketa da garapen iraunkorrarena. Nafarroatik zer egin daitekeen? Bada, hemen bizi dugun egoera aztertu, diagnostikatu, horren araberako helburuak finkatu eta xede horiek lortzeko lanketa prozesua abian jarri. Pobreziari eta desberdintasunei aurre egiteko, ekonomia solidarioa eta garapenerako kooperazioa garrantzitsu jo dituzte.

Asteartean beraz Nafarroako Parlamentuan 150 entitatetik gora ariko dira zenbait aditurekin batera jardunaldietan parte hartzen. Arratsaldean gainera, osoko bilkura eginen dute gaiaz eztabaidatu ahal izateko.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!